Baina mendizale guzti hauen artean, mendiarekiko maitasuna oso desberdina dela ere argi dago. Alde batetik, mendizale klasikoa dago, betikoa, zale gehien dituena. Igandero motxila hartu eta goiz pasa mendira abiatzen dena, kukua en-tzun, tximeletak hegan ikusi eta paraje paregabean txango bat egitera lasai ederrean.
Bestetik, gure inguruan azken urteotan asko ugaldu den beste modalitate bat ere badugu, korrikalariena, alegia. Gero eta jende gehiago ikus dezakegu mendian gora eta behera, handik eta hemendik lasterka. Hauek ez txorien txio-txiorik entzun, ez tximeletarik ikusten dute. Kronoaren eta GPS-aren menpeko dira, baina zeinek uka hauek ere ez dutela mendia maite?
Hala ere, badira beste batzuk bi gurpilak nahiago dituztenak mendira igotzeko. Mendian bizikletan ibiltzearen kontua aspaldikoa da, eta ez dira gutxi, askotan oinez kilometro gehiago egiten dituzten arren. Hauei ere ezin uka ez dutela mendia maite.
Bi gurpildunak, ordea, ez dira txirrindulariak bakarrik, moto burrundatsu batzuk ere ikusi eta entzun ohi dira maiz-maiz gure inguruan. Motorzaleek mendiari dioten errespetua zalantzan jarriko nuke, baina argi dago hauek ere mendia maite dutela, suntsitzeko bada ere.
Aipatutakoez gainera, badira mendian ibiltzen diren beste tramankulu zaratatsu batzuk, quad deritzenak hain zuzen. Zulo, malkar, eta lokatz gehien dagoen tokietan ageri dira beroien trebeziaren erakustaldia egiten. Hauena argi dago mendizaletasuna badela, baina maitasuna…
Eta bukatzeko, 4X4 autoak ere ohikoak dira gure mendietako pistetan. Makina bat ehiztari eta bestelako ibiltzen dira milaka euro balio dituen jostailu geldiezinarekin jolasean.
Zalantzarik gabe, mendizaletasun handia dago Euskal Herrian, baina mendiaz gozatzeko eta mendia maitatzeko oso modu eta era desberdinak.