Bertsokleta ekimenak Nafarroan Vascuence-aren Legearen ondorioz euskarak bizi duen egoera ezagutaraztea du helburu, ‘Euskaraz bizi eta ikasi’ ekimenak bultzatuta.
Larunbatean apirilaren 19an Lodosan bizikletak hartu eta zazpi egunetan Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatuko dituzte egitasmo honetan parte hartzen duten bertsolari nafarrek. Azken egunean Iruñeara iritsiko dira eta bertan jaialdi handia egingo da.
Atzo Iban Garro, Xabi Maia eta Eneko Fernandez bertsolariak Lasarte-Oriara iritsi ziren eta Ttakun eta Earra! bertso eskolak eskainitako laguntzari esker, bertan egin dute gaua.
Aurretik, bertso saioa eskaini zuten bisitariek. Jalgira hurbildu ziren herritarrek euskarak nafarroan bizi duen egoera ezagutu ahal izan zuten. Lehenik, Lodosatik etorritako guraso batek Nafarroako hegoaldeko gurasoek beren seme-alabek euskaraz ikasteko dituzten zailtasunen berri eman zuen; ostean, bertsolarien saioan, honetan bertsolari nafarrek Earra! bertso eskolako hiru bertsolari, Ane Labaka, Beñat Iguaran eta Unai Muñoa lagun izan zituzten. Gai jartzaile lanetan, Jokin Labayen izan zen.
Orain Senperera iristen egongo dira bertsolariak, bertan baitute gaur geldialdia.