Izan ere, Lasarte-Oriako hainbat herritarrek emozio handiz bizi dituzte Aste Santuko ospakizunak. Herritar andana bildu da egun hauetan elizetan egin diren ospakizunetara eta Ostiral Santuko Gurutzebidea bereziki jendetsua izan da Xabier Andonegi apaizak gidatuta. Jesus gurutziltzatu aurreko etapak gogorarazi dituzte goizean goiz San Pedro eliza eta Sausta baserri aurreko aldare txikiaren arteko bidean, eguraldi zoragarriarekin. Guztira 100 bat kristau bildu dira eta ohitura den moduan, etapa edo egonaldi bakoitzean Pasioaren pasarteren bat irakurri, otoitz egin eta kantatu egin dute hurrengo egonaldira iritsi bitartean. Ez da herriko Via Crucis bakarra izan, Arantzazuko Amaren Parrokiatik Azkortera ere egin baitute Gurutzebidea. Brigitarren komentuko Via Crucis-a 11:00tan hasi da.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera Pasioa gogoratuko dute San Pedro eta Arantzazuko Amaren elizetan eta Brigidatarren komentuko Pasioa 16:30etan hasiko da. Bihar gauean, 21:00etan, Pazko Gaubela ospatuko dute Arantzazuko Amaren parrokian eta lehenago, 19:00etan, hasiko da Brigitarren komentukoa.
Bestalde, igande goizean Oriako Karmengo Amaren kaperan Pilar Catalina eta Amaia Lizarraga sopranoak kontzertua eskainiko dute Amaia Dorronsoro piano-jolearen laguntzarekin. Pazko igandeko ospakizunen barnean kokaturiko emanaldia izango da, Ramon Uribe-Etxeberria apaizak gidatuta 11:30etatik aurrera.
Korua asteazkenean
Irungo Betiko Ametsa koru-taldearen eskutik, abesbatzaren doinuak eta errezitaldiak uztartu zituen emankizuna izan zuten herritarrek gozagarri asteazkenean Aste Santuko ospakizunen aurrekari gisa. Koru bizantinoak, Ave Maria, Aita Gurea edo Domine Jesu Christeren antzeko kantuak San Pabloren irakurgaiekin nahastu zituzten emanaldi polit eta deigarria osatzeko.