Duela ia mende erdi, 1965. urtean, Munduko Txirrindularitza txapelketak jokatu ziren gurean irailaren 2tik 12ra bitartean. Lasarte-Orian egin ziren errepideko probak eta Anoetako velodromoan pistakoak.
Guztira mundu zabaletik etorritako 37 herrialdetako txirrindulariek hartu zuten parte. Txapelketak eduki zuen berezitasunik gainera. Estatuan, Frankismo garaian lehenengo aldiz, emakumezko ziklistak pedalei eragiten aritu ziren ortzadar mailota janzteko borrokan herriko errepideetan barrena.
Parte-hartze mundiala
Antolakuntzak ibilbide gorabeheratsua nahi zuen, aldapa motz eta pikoak zuzengune lauekin uztartuko zituen zirkuituaren bila aritu ziren luzaroan. Baten bat Lasarteko Bat Formulako automobil zirkuitu historikoaz gogoratu zen eta zerra itxurako Buruntzaldea inguruko parajeak primerakoak suertatu ziren tropela zorrozteko.
Bost kontinenteetako txirrindulariak aritu ziren pedalei eragiten. Besteak beste, Japonia, Australia, Ameriketako Estatu Batuak, Kolonbia, Mexiko, Maroko, Argelia, SESB, Polonia, Txekoslovakia, Errumania, Frantzia, Italia, Ingalaterra, Belgika, Holanda, Suitza eta Espainiako ziklistak.
Herritarrik ez, baina izan zen euskal txirrindularirik Lasarteko Munduko Txapelketan. Gizonezkoen maila nagusian, errepideko lasterketan aritu ziren Ispastergo Frantzisko Gabika eta Sebastian Elorza azkoitiarra. Taldekako errelebuan berriz, Txomin Perurena eta Jose Manuel Lasa oiartzuarrak aritu ziren.
Afizionatuen lasterketak
Errepideko lasterketak 1965eko irailaren 2an hasi ziren. Afizionatu mailan, taldekako erlojupeko probak ireki zuen Munduko Txapelketa. Osteguna zen, sargori. San Pedro elizako erlojuko orratzek goizeko hamarrak puntu-puntuan markatzen zituztenean abiatu ziren herrialde ezberdinetako txirrindulariak ongi lerratuta.
Selekzio bakoitzak lau txirrindulari jarri zituen irteera-lerroan, hirugarrenak emango zion denbora talde osoari. Ibilbidea honakoa: Lasarte – Andoain – Villabona – Irura – Tolosa – Alegia (itzulia hartu) – Tolosa – Irura – Villabona – Andoain – Urnieta – Hernani – Lasarte. Guztira 50 kilometroko ibilbidea zuen zirkuituak. Lasterkariek bi itzuli eman zizkioten zirkuituari 100 kilometroko erlojupeko bortitza eta luzea osatzeko.
Irabazleak Italiarrak izan ziren, Pietro Guerra, Luciano Dalla Bona, Mino Denti eta Giuseppe Soldik jantzi zuten urrea. Zilarra Espainiarentzat izan zen, Ventura Diaz Arrey, José Manuel López Rodríguez eta aurrez aipatutako Perurena eta Lasa euskaldunak talde hartako partaide izan ziren. Podiuma frantziarrek osatu zuten.
Errepideko lasterketa berriz, larunbat arratsaldean izan zuten afizionatuek. Eguerdiko 13:00etatik aurrera Lasarte- Andoain- Urnieta – Hernani eta Lasarte josten zituen 19,100 kilometroko ibilbideari bederatzi itzuli eman behar izan zizkioten 171,900km osatzeko. Jacques Botherel frantziarrak jaso zituen bi besoak, Jose Manuel Lasa oiartzuarrak kolkoratu zuen zilarra eta Battista Monti italiarra izan zen hirugarren.
Emakumezkoak errepidean
1965eko irailaren 4a historikoa izan zen gure herriarentzat. Baina ez Lasarte-Oriarentzat bakarrik, baita estatu mailako ziklismoarentzat ere. Frankismo garaian lehenengo aldiz, emakumezkoak lasterketa bat lehiatzen ikusteko aukera izan zen. Aurretik, Errepublika garaian, 1935. urtean egin zen Espainian historiako emakumezkoen lehen lasterketa. 22km izan zituen, Madrilen jokatu zen eta batez bestekoa altua izan zen oso, 36km/h. Garailea Angelita Torres suertatu zen.
Kronista bat edo bestek egitarauan “dama” hitza irakurtzean frantsesezko hitza ote zen galdetu zuela zabaldu zen garaiko kazetetan
Munduko txapelketara itzulita, 30 urte beranduago emakumezkoek maillota eta cullotea janzteko eskubidea izan zuten Lasarte eta iguruko errepideetan. Ziklistek 17,315 kilometroko zirkuituari hiru itzuli eman behar izan zizkioten guztira 51,945km-ko ibilbidea osatzeko. Zirkuitua erraza zuten: Buruntza inguratzea. Lasarten hasi, Andoainerako bidea hartu, handik Urnietara, Hernani eta buelta Lasartera.
Ortzadar mailot hura Elisabeth Eichholz-ek irabazi zuen (Alemaniako Errepublika Demokratikoa). Atzetik izan zituen Yvonne Reynders belgikarra eta Aino Pourenen sobietarra.
Oro har, garrantzia gutxi eman zitzaion Espainiako prentsan “damen” lasterketari, eta bada garaiko kronistarik egitarauan “dama” irakurtzean frantsesezko hitza zela uste zuenik ere. Baina ez, emakumezkoak ziren pedalei eragiten ari zirenak. Askori emakumea eta kirolaria hitzak garai hartan antagoniko eta bateraezin iruditzen zitzaizkion arren.
Simpsonen ortzadar mailota
Egun handia, nazioarteko prentsa Lasarte-Oriara begira jarri zuen zita gizonezkoen txapelketa izan zen: 1965eko irailaren 5eko igande hura. Afizionatuen zirkuitu berbera zuten aurretik, alde txiki batekin hori bai. Profesionalek 267,4 kilometro egin behar izan zituzten, afizionatuek baino ia 100 kilometro gehiago.
Hasiera batean 100.000 txirrinduzale espero bazituzten ere, 35.000 izan ziren ibilbidean sartzeko sarrera ordaindu zutenak. Lehiatilan bildutakoa ez zen nahikoa izan Munduko Txapelketaren aurrekontua bete eta kubritzeko.
Egun hartako protagonista dena den, euria izan zen. Euria egin zuen goian behean. Etenik gabe euria. Horixe izan zuten bidaide ziklistek lasterketak iraun zituen sei ordu eta erdi pasatxoetan. “Gurutzebidea”. Halaxe definitzen dute garaiko kronistek ziklistek bizi behar izan zutena. Sufrikarioa latza.
Gurean ortzadar mailota jantzi zuen Tom Simpson britainiarra Mont Ventoux igotzen ari zela zendu zen bi urte geroago Tourreko etapa batean
Helmuga garrasi eta irribarre artean igarotzen lehena Tom Simpson britainiarra izan zen. Gerora 1967ko Mont Ventouxen hilko zen ziklista.
Izatez ez zen faboritoen zerrendan agertzen Simpsonen izena. Ezta Rudi Altig alemaniarrarena ere, azken zuzengunera arte iheskide izan zuen pistard handi eta zabalarena.
Bi txirrindulari hauetako inork ez zeraman denboraldi bikainik. Kontrakoa, bietako inork ez zuen itzuli handirik lehiatu denboraldi hartan eta kiniela eta apostuetan ez zen haien izenik ageri. Baina biak atseden hartuta iritsi ziren Munduko Txapelketara, hankak fresko zituztela. Eta burua ere bai, halako lasterketa gogor eta luzeetan are garrantzitsuagoa dena. Datu bat ematearren, 110 ziklista abiatu ziren eta 56 besterik ez ziren helmuga marra zeharkatzera iritsi. Azkeneko tropeltxoak garaileak baino ordubete gehiago behar izan zuen lasterketa amaitzeko.
Heriotzaren horma
Hamabigarren itzulia hautatu zuten iheslariek pelotoiari hordagoa botatzeko. Aukeratutako lekua: Antziolako aldapa ezaguna, Hernanitik Galarretara igotzen den “Heriotzaren aldapa” izenez ezagunagoa den murrua.
Kuriosoa da nondik datorkion horren izen iluna bideari. Badirudi Bat Formulako zirkuituan istripu gehien gertatzen ziren zonaldea zela. Puntu beltza alegia. Gainera, autoek mekanikoki ere aberia ugari izaten zituzten pilotuek ez zutelako martxa behar bezain laster aldatzen eta kotxeak ito egiten zituztelako aldapan gora.
Baina Simpson eta Altig-ek bazuten motorra hanketan, ez ziren berehalakoan itzali. Kontrakoa, txandak zintzotasunez emanez, bi kilometro nahikoak izan ziren pelotoiarengandik behin betiko urruntzeko. Helmugan 3 minutu atera zizkioten tropelari.
Zirrara, benetako emozioa azken zuzengunean izan zuen lasterketak. Zehatzago esanda, azken 300 metroetara arte kirioak dantzan izan zituzten ikusle eta nazioarteko kazetariek. Simpson berak bideratu zuen esprint luzea. Bi metro eskas atera zizkion Altig indartsuari sprinta hasi bezain pronto, eta abantaila hori probestu zuen Oriako zuzengunean bi besoak jaso eta garaipena amorruz ospatzeko. Podiuma Roger Swert belgikarrak osatu zuen tropel nagusiari denbora emanaz.
Lehen euskalduna Gabika izan zen bederatzigarren helmugaratuta eta Elorzak hamahirugarren egin zuen.
Helmugan atsekabea
Oriako helmugan urduritasuna, ezinegona eta hein batean haserrea ere arnas zitekeen kazetari, masaje-emaile, antolatzaile eta herritarren artean mundu mailako izarrak tropelean babestuta joatera mugatu baitziren. Lasterketa serio hartu ez zutenaren pertzepzioa handia zen jendartean. Besteak beste, Anquetilek, Van Loyk eta Poulidorrek txistu eta irainak jaso zituzten ez soilik euskal ikusleen aldetik, baita nazioartetik milaka kilometro eginda gurera lasterketa ikustera etorri ziren ikusleen partetik ere.
Kirol arloan ordea, eguraldiak lagundu ez arren, profesionalen lasterketan 39,450 km/orduko batez bestekoa egin zuen Simpson garaileak. Lasarte-Orian jokatutakoa izan zen ordurarteko Munduko Txapelketa azkarrena. Bat Formulako autoen pare ibili ziren ia, zirkuitu berean. Ziztu bizian, baina bi gurpilen gainean.
Mundialeko bitxikeriak
Gaztea izanagatik, ondo gogoan du Jesus Mari Eguizabalek (gerora Lasarte-Oriako DVko kronista izana) 1965eko iraila. Hainbat anekdota gogoratzen ditu: “Frantziar, holandar, alemaniar eta belgikarren presentzia handia izan zen, dozenaka autobus iritsi ziren herrira eta haien asmoa kanpin dendak herrian jartzea zen, baina eguraldi txarrak bazterrak lokaztuta utzi zituen eta autobusetan bertan egin behar izan zuten lo”.
Antolatzaileek oso zorrotz jokatu zuten ikusle guztiek ordain zezaten. Meza entzuteko edo premiazko erosketaren bat egiteko soilik ematen zieten etxetik irteteko baimena
Antolatzaileek Oria aldean tribunak jarri zituzten ikusleek eserita ikus zezaten txirrindularien ailegaera. Berezia izan zen nola egin zuten Loiolako Kuarteleko Guardia Zibilek behin-behineko zubi bat Oriatik Hipodromora, kotxeak bertan aparka zitzaten. Denborale garaia zen ordea, Oria ibaiak 4 metroko emaria zeraman eta harrotutako korronteek eraman egin zuten zubia.
Ez zen arazo bakarra izan, errepideko lasterketak hasi bezperan, goizaldean, tiro bat edo beste izan zen telefono linean. Pentsatzekoa da garai hartako kazetariek larritasuna franko izango zutela, artean ez baitzen Internet eta mugikorrik. Eguraldi txarrak konponketa atzeratu egin zuen gainera, ordu asko behar izan zituzten estaldura berreskuratzeko.
Lasarte-Oriak nazioartean izan zuen ohiartzunaren isla gisa, La Voz de Españak dio Munduko Txapelketek iraun bitartean 150 prentsa konferentzia egin zirela Udaletxean, 45 minuturo bat.
Diru arazoak nabariak zirela eta, antolatzaileek (tartean herriko Intza elkartea) oso zorrotz jokatu zuten ikusle guztiek ordain zezaten. Zirkuituaren parean zeuden etxe atarietatik ez zuten jendea ateratzen uzten sarrerarik hartu gabe. Meza entzuteko edo premiazko erosketaren bat egiteko soilik ematen zieten etxetik irteteko baimena.
Herriarentzat egun handia izan zela gogoratzen du Txema Vallés DVko kazetariak: “Artean zazpi urte besterik ez nituen, baina gogoan dut nola pasatzen ginen zirkuitura sarrera ordaindu gabe. Golfeko aldapatik behera abiada bizian etortzen ziren, guk errementeria eta Yerobi tailerraren artean ikusten genituen pasatzen eta helmuga berriz, Bar Gure Etxeako telebistan. Anekdota gisa esango dizut gure aita zendu berria -Mariano Vallés- zirkuitura sartu zela profesionalen atzetik bizikleta hartuta jendearen algara eta txalo artean. Ze lotsa!”.
Gerra Hotzaren eragina
Gerra Hotzaren garaia zen bete-betean 60ko hamarkada eta gurean ere izan zuen eragina potentzia kapitalista eta komunisten arteko hika-mikak. Ez zen irabazleen omenez ereserkirik entzun antolatzaileak eta Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) hala adostu zutelako. Badirudi Mendebaldeko Alemania kapitalista kexatu egin zela Ekialdeko Alemania komunistak txapelketan parte-hartuko zuelako, eta bien arteko armonia eta adostasuna bilatu asmoz, ez zen inongo herrialderen ereserkirik entzun podiumean.
BIDEOAK: