Bertsokleta ekimenak Nafarroan Vascuence-aren Legearen ondorioz euskarak bizi duen egoera ezagutaraztea du helburu, ‘Euskaraz bizi eta ikasi’ ekimenak bultzatuta.
Horrela, zazpi egunetan Euskal Herrian zehar ibilbidea egingo dute bizikletaz hainbat bertsolarik.
Larunbatean apirilaren 19an Lodosan bizikletak hartu eta ibilbideari ekingo diote apirilaren 25era arte. Bertso eskolak bisitatuko dituzte eta herri bakoitzean bertso saio bat egingo dute.
Lasarte-Orian Ttakunek, Earra! bertso eskolako lagunekin batera, ekimenarekin bat egin eta azpiegituran lagundu nahi izan du. Horrela izanda, astelehenean Iban Garro, Xabi Maia eta Eneko Fernandez etorriko dira eta bertan egingo dute gaua. Jalgin bertso saioa egingo dute bisitariek Ane Labaka, Beñat Iguaran eta Unai Muñoarekin batera. Honetan hizpide izango dute euskararen egoera Nafarroan.
Bertso saioa irekia izango da eta herritarrak honetara gerturatzea animatzen dituzte sustatzaileek. Bertsoa eta bizikleta uztartzen dituen ekimen berezi hau Iruñean bukatuko da festa giroan.