Bildu pozik onartutako aurrekontuekin

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 14a

Alkatea, Nerea Sanchez eta Gorka Lizarraga oso pozik agertu ziren Lasarte-Oriak 2014ean izango dituen aurrekontuekin. Barriok esan zuen nahiz eta %100ean asmoak ez bete, jasotzen diren partidak eta gastuak funtsezkoak direla herriarentzat.

Pablo Barriok nabarmendu zuen “errealitatean eta bizi dugun egoera soziekonomikoan oinarrituta daude aurrekontuak, behar sozialak kontutan hartuta, Gizarte Zerbitzuetako alorra izan da gehien indartu dena. Tartean herriko garapen ekonomikoa sustatzeko eskualdeko udalekin batera garapen agentzia sortzeko bidean urratsak emango dira”.

Herriko merkataritza sustatzeko ekimen ezberdinak egingo dira eta hauek finantziatzeko partidak aurreikusi dira ere. Aurrekontu hauetan emandako aurrera pauso handiena alkatearen hitzetan, inbertsioak egin ahal izatea da. “Funts forala itzultzearekin batera, azken urteetan genuen zor handi bat kitatu dugu eta soberakin bat badugu inbertsioak gauzatu ahal izateko. Bide ezberdinak lantzeko aukera zabaldu zaigu”.

Inbertsioak

Nerea Sanchezek inbertsioetako batzuk aipatu nahi izan zituen. Kale asfaltatzeak izango dira partida garrantzitsuenetako bat 273.512 euro honetara bideratuta, argiteria ere berritu egingo da normatibara egokitzeko 50.000 eurorekin. Herriko parkeetako haur jolasak ere berritu egingo dira eta konpontzeko eta “Orian parke berri bat jarriko da” 71.800 eurorekin.

Goiegiko ezponda indartzeko “hainbat lur erorketa egon dira eta” 50.000 euro erabiliko dira.

Mugikortasunari dagokionez, Manttangorrin Mugi txartela erabili ahal izateko sistema berrituko da eta horretarako udalak 36.000 euro erabili beharko ditu “herritarrek horrela txartela honek dituen abantailez gozatu ahal izango dute”.

Hirigintza sailean, udaletxean hainbat moldaketa egiteko 48.000 euroko diru partida bat aurreikusi da, Tximistarretan haur jolasak eta iturri bat jartzeko 66.000 euro onartu dira eta ikastetxeetan hainbat hobekuntza ere egingo dira. Sasoetako bajoetan hainbat lokal botako dira San Martzial eta Uzturre plazakoak hain zuzen, tune luzeenak garbitzeko asmoz.

Kiroldegi berri baten proiektua egingo da eta Donostiarekin herria lotuko duen bidegorriaren lanen parte bat hartuko du udalak bere gain.  Udaletxe berriko zati publikoa txukuntzen 100.000 euro erabiliko dira eta udaletxe zaharrean berriz, bi urtetan hainbat gune berrituko dira. Gaztelekuan altzariak erosteko 25.000euroko inbertsioa egingo da. Kirol ekipamendua berritzen jarraituko da eta kulturan, proiektore digitala erosiko da zinemarako, liburu berriak etab. Euskarari dagokionez, "martxan dauden programei jarraipena ematea bilatu da". Ingurumenean beste bi konpostagune jartzeko dirua aurreikusi da eta Agenda 21 ekimenarekin jarraituko da.

Animalien ordenantza berria dela eta informazio kanpainak burutzeko dirua gorde du udalak Sanzhezen hitzetan.

Gizarte zerbitzuetako igoera

Gizarte zerbitzuei dagokionean, Gorka Lizarragak azaldu zuen enpregu sustapenerako eskualdeko garapen agentzia sortzeko lehen urratsak emango direla. Bestalde, eskuhartzeetara bideratutako dirua nabarmen igo dela esan zuen. Etxeko laguntza zerbitzua, psikologoaren lan jarduna handitu egin da eta jardun osoz arituko da eta dementziak dituen jendearekin martxan jarritako lanketa pilotua sailean, zerbitzu finko izango da. Laguntza soziletara bideratutako partida bikoiztu egin da.