Errazkin eta Pozo garaile

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 14a

Bazpi txirrindularitza eskolako lagunek ez dute atsedenik. Martxoaren bostean hiru probetan izan ziren eta hiruretan podiumean izan ziren taldeko gazteak. Bi kasuetan gainera, Deba eta Donostian maila gorenean izan ziren Xuban Errazkin eta Asier Pozo.

Jubenilen mailan, Xuban Errazkin Amaikak Bat sariko garailea izan zen. Debako lasterketan 50 txirrindularik parte-hartu zuten. Bazpiko gazteak sprintean irabazi zuen lasterketa.
Gainera, mendiko saria ere eraman zuen. Jon Ander Unanue, Luis Sobejano eta Koldo Velascok ere parte hartu zuten proba honetan.

Alebinen podiuma
Bestalde, Donostian alebin eta infantilen lehiaketa izan zen. Alebin mailan, podiumeko hiru postuetan izan ziren Bazpi eskolako kideak. Asier Pozo lehena izan zen helmugan. Beñat Carbayeda bigarren eta hirugarren  postua Iñaki Errazkinek eskuratu zuen. Aimar Unanue ere lehen hamarren artean izan zen. Infantil mailan, Iraitz Illarramendik zazpigarren postua  lortu zuen eta Manex Altunak berriz, hamargarrena.

Altuna hirugarren
Kadete mailako lasterketa  Zarautzen izan zen, Zarauztarra saria hain zuzen eta honetan ere Bazpiko gazte bat izan zen lehen postuetan lehian azken metroetara arte. Sprintean Jokin Alberdi eta Luis Mari Garikanok Iñigo Altuna garaitu zuten. Ondorioz, podiumeko hirugarren mailara igo zen. Lasterketa honetan Luken Carbayedak ere parte hartu zuen.