“Kontsumitzeko beste modu bat posible da”

maider-azurmendi 2014ko api. 14a, 11:12

Apirilaren 25ean II. Agroekologia eta Autogestio jardunaldiak hasiko ditu Uztarok Lasarte-Orian. Bi urtetik behin egiten diren jardunaldiak dira eta lehenengoz herrian izango da hitzaldietako bat. Honakoa Elebeltzen egingo da 19:00etan eta Ekologistak martxan-eko Luis Gonzalez eta AHTaren aurkako mugimenduko Mikel Alvarez izango dira hizlari. Uztaro kooperatibako herriko bi kideek honen lanaren inguruan hitz egin dute eta taldean partaide berriak jasotzeko deia ere luzatu nahi izan dute.

Nahiko kide berriak dira Arantzazu Errasti eta Joxean Hernandez Uztaron. Ia bi urte daramatzate kontsumo kooperatiba honetan parte hartzen eta euren esperientziatik, honetan parte hartzeko deia egiten diete herritarrei. Jaten dutenarekin ardura berezia dutenei batez ere. Egun herrian 14 saski jasotzen dira, saski batzuk partekatzen dira eta guztira 20 bat lagun dira. 

Zer da Uztaro?
Gaur egungo kontsumo-eredu basatiari aurre egin eta Euskal Herriko baserrien gain beheraren aurrean alternatiba erreal bat izan nahian jaio zen duela 8 urte inguru Uztaro Kooperatiba. Sistema kapitalistatik kanpo funtzionatzen saiatu eta eraldaketa soziala bilatzen duen proiektua da.

Helburuak, guk geuk egin bitartekaririk gabe, diru-laguntzarik gabe, dependentziarik gabe… Ekologia zentzu zabalenean ulertuta,  ingurugiroa errespetatuz, baldintza sozialak kontuan hartuz, zikloak itxiz, gasoilarekiko menpekotasuna gutxituz. Gertuko eta elkartasunezko harremanek bultzatutako proiektua da.

Beizaman dago Uztaroren baratza eta bertan hiru kidek lan egiten dute. Ekoiztutakoa Zarautz-Getari, Azpeitia-Zestoa eta Lasarte-Oriako taldeek kudeatzen dugu.

Produktuekin saskia jasotzen duzue astero.
Bai hala da, garaian garaiko produktuekin saski osoa hartu daiteke edo erdia, 70 euroko kostua du saski osoak hilabetean eta erdiak berriz, 35 euro. Bakarrik bizi den jendearentzat aukera ona da beste norbaitekin saskia elkarbanatu ahal izatea. 

Saskia jasotzeko kide berriak onartzen dira, talde irekia gara. Hori bai, urte beteko konpromisoa eskatzen zaie kide guztiei. Besteak beste, saski kopuruaren arabera antolatzen delako baratza. Danok Kideren lokalean jasotzen dira saskiak astelehenetan.

Baratza ezagutzen duzue?
Noski. Uztaro ez da hartzaileen talde soil bat, auzolana da oinarri eta tarteka baratzera joaten gara. Hiru herrietako jendea astebururo bilketa egitera joaten da. Egutegi bat antolatzen da eta bileran adosten dira egin beharreko lanak. 

Bilketa orokorraz haratago, fruta-arbolen bilketa, garbiketa lanak, landaketak, ximaurra botatzea, urtean hiru edo lau auzolan fuerte daude.
Banbuzko kanaberekin negutegi bat egin dugu denen artean ere. Egitura berritzailea da, Kataluniako eredu bat jarraituz egin dugu eta buka-tzear gaude. 

Jendeak pentsa dezake esfortzu bat dela...
Gure filosofia ez da bakarrik saskia jasotzea. Baratzera lan egitera joaten gara, ikusten dugu nondik datorren jaten duguna, zein lan daukan, hori da ezberdintasun nagusiena beste kontsumo taldeekin alderatuta. Esfortzuari dagokionez, esan behar da hilabetean bitan edo hirutan egokitzen zaigula joatea, ez da hainbesterako.

Negutegiaz gain beste egitasmorik baduzue? 
Hazitegi propioa egiten ari gara. Haziak urtero erosi behar ez izateko eta zikloa gure baliabideekin ixteko. Kontzientzia hartzea baino, azkenean ezagutza bat izatea da. Eta aldaketa bat sortu nahi bada gizarte mailan, jasangarritasuna bilatzen duen kontsumitzeko moduak sustatu behar dira.

Uztaro presenteago dago herrian ala irudipena da? 
Bai taldea hanidtu den neurrian, jende gehiago gaude eta saiatu nahi dugu taldea herritar gehiagok ezagutzea. Horregatik herrian antolatzen diren jaialdietan parte hartzea erabaki dugu. Santo Tomasen salda postua jarri genuen, Gure esku dago ekimenean saskiak zozketatzeko jarri ziren...  Herritarrek beste modu batera kontsumitzea posible dela ikustea da gure asmoa. 
Herriko talde ezberdinekin hurbilketa bat lantzea gustatuko litzaiguke aurrera begira. Uztaro zer den ezagutzera eman eta elkarlenerako ildo posibleak hausnartzeko. 

Kide kopuruak gora egin du?
Taldea aldakorra izan da, gora behera asko izan ditugu baina bai eta horrek esan bezala, laguntzen du ekimen berriak aurrera ateratzeko garaian. Esan behar da, ia hasieratik dagoen jendea ere badagoela eta horiek oinarri sendoa osatzen dutela Uztaroren baitan. 

Jendeak badu jaten duenarekiko kezka eta zalantza horri aurre egiteko helburuarekin etortzen da gurera. Normalean, otar bat jaso baino gehiago nahi dute.

Garaian garaikoa…
Gezurra dirudi baina uste dugu hainat barazki urte osoakoak direla, dendetan beti daudelako. Uztaron hastean konturatzen zara zein-tzuk diren garaiko barazkiak. 
Adibidez lekak urte guztian egoten dira dendetan eta orain konturatzen zara ez dela horrela baratzean. Taldean ere, errezeta ezberdinak elkarbanatzen ditugu kasu batzuetan jendeak gutxitan edo inoiz probatutakoak jasotzen ditugulako.

Inkesta bat ere pasatzen dugu jakiteko barazkiak neurri onean egon diren edo ez. Edo zerbait faltan botatzen dugun jakiteko. Aurten lehenengoz kardoa sartu da barazean adibidez. Gehiegizkoa sortzea ez da helburua eta tarteka halakoa suertatzen bada, tratua egiten da beste kontsumo taldeekin trukea egiteko. Berez nahikoa barietatea eta aste osoa egiteko nahikoa eta soberan.

Jardunaldiak antolatu dituzue?
Bai, jardunaldiak Lasarte-Orian hastea lortu dugu. Helburua beti saskien inguruan jendea mantentzea da, baina filosofia horri lotuta autogestioa eta nekazaritza ekologikoaren inguruan hausnartzeko parada izatea garrantzitsua dela uste dugu.

Duela bi urte egin ziren lehenengoak eta aurten bigarren edizioa da, lehenengo hitzaldia Lasarte-Orian izango da apirilaren 25ean 19:00etan Elebeltzen. Ekologistak martxan-eko Luis Gonzalez eta AHTaren aurkako mugimenduko Mikel Alvarez izango dira hizlari.

Maiatzaren 1ean Kooperatibismo autogestionatua landuko da Donostiako Kortxoenea Gaztetxean, maiatzaren 16an emakume baserritarrak eta elikadura burujabetzaz arituko da Leticia Urretabizkaia ikerlaria Putzuzulo gaztetxean Zarau-tzen eta azkenik, maiatzaren 23an bertan ere, nekazal sindikalismo alternatiboaz Andaluziako Sindicato de Obreros del Campo eta Iparraldeko Laborantza ganbarako kideekin.

Hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu herritarrei eta norbaitek informazio gehiago nahi badu uztarokooperatiba.wordpress.com -en sartu daiteke.