Herrian egin zen hauta probetako bat “8 apellidos vascos” filman parte hartzeko. Asko izan ziren aukeratuak figurante bezala hainbat eszenatan parte hartzeko. Filmeko lehenengo minututan parte hartu zuten Carmen Vegas eta Leire Zubizarretak.
Esperientzia oso aberasgarria izan zela diote bi herritarrek baina baita neketsua ere. Zambra dantza taldeko Mariaje lagunarekin parte hartu zuen Carmenek. “Kasualitatez ateratzen naiz ni. Maribel Zambrako taldekidea zen joatekoa baina arazo bat medio ezin, eta niri deitu zidan ordezkatzeko”.
Semblante Andaluz elkartean egin zen probara ezin izan zuen joan eta castingnetik Maribel eta Mariaje hautatu zituzten.
“Beste kide bat lortzeko aukeraz hitz egin zuten eta horrela bikotea bilatzen banuen dantza egitera joateko aukera nuela”. Txikitan sevillana eskolak eman zizkion Hernaniko mutil bati deitu zion eta biak joan ziren hurrengo goizean taldekideak ordezkatzera Arrasateko Andaluziar zentrora. “Autobusean jaso gintuzten goizeko 7:00tan eta buelta 20:00etan egin genuen”. Egun osoko grabaketa izan zen “gogorra eta neketsua guretzat, baina oso esperientzia polita izan zen film bat nola grabatzen den ikustea”. Askotan errepikatzen dira gauzak eta horrek harritu zuen gehien Carmen. Bere kasuan egun bakarrean izan zen grabaketan. “Leire eta Mariaje bi egunetan izan ziren Arrasaten egindako grabaketan”.
Leirerentzat esperientzia polita izan zen eta harrigarria ere bai filmeko lehen minutuak grabatzeko bi egun oso beharrezkoak zirela ikustea. Iritsi, makillatu eta jantzitegira eraman zituzten “etxetik soinekoak eraman zituen jendeak baina batzuei beste soineko batzuk jartzea eskatu ziguten”. Hasieran dantzan egin behar zuten baina “musikarik gabe, zaila zen guztion mugimenduak koordinatzea eta askotan errepikatu behar izan genuen.”
Aktoreekin harremana
Dani Rovira protagonistarekin hitz egiteko aukera izan zuen Leirek “grabaketa mozten zutenean guregana gerturatu, abanikoak kendu eta brometan aritzen zen. Oso jatorra eta gertukoa iruditu zitzaigun, Clara Lago berriz, ez zen hainbeste gerturatzen, distantzia gehiago mantentzen zuela iruditu zitzaigun”. Bigarren egunean “tabernako jendearen artean sartuta eman genuen eguna bulto egiten eta txisteekin barre egiten”.
Grabaketan asko izan ziren ateratako argazkiak baina orain arte ezin izan dituzte publiko egin. Filmaren arrakasta ez zuten espero. “Jendeak kaletik esaten digu ikusi gaituela, Euskal Herritik kanpoko lagun eta senideek ere deitu dute ikusi gaituztela esateko. Pentsaezinza zen halako ohiartzuna”. Filmak 4,4 milioi ikusle inguru izan ditu jada.