BAI ez dago ados EHBilduren hondakin kudeaketarekin

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 11

BAI plataformak egindako agerraldian Lasarte-Oriako EHBilduri erantzun nahi izan dio hondakinen kudeaketa dela eta.

BAI plataformak EHBilduri ekologiaren alde akordio ez partidista batera iristeko borondatea zalantzan jarri du. "Lehenik bildu jendea engainatzen eta beldurtzen hasi zen. Jarraian, zaborren kudeaketaren inguruko eztabaida eta benetako partehartze soziala eta instituzionala eragotzi zituen, azkenik bere erabakiak inposatuaz; honek guztiak, zaborren gaiaren inguruko gobernukeria eta opakotasunera eraman gaitu".

Aldundia eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren egungo kudeaketak epe labur batean  Gipuzkoa kolapsora eraman dezakela aipatu dute. EHBilduk proposatzen dituen zabortegiak kaltegarriak ez direla adierazten du. Baina BAIren iritziz, inerteen depositoetan egongo diren fardelak "enpaketatutako zaborra" besterik ez da. Gainera, Kataluniako hainbat depositoetan lixibatuak, gasak eta kiratsa jarioak dituztela adierazi dute. 

Horregatik, BAI plataformaren erreferentea Europako hainbat herriren hondakinen kudeaketa da. Honetara iristeko Aldundiak onartutako Gipuzkoako Hondakin Hiritarren kudeaketarako plan integrala dagoela azpimarratu dute.

Era berean, hiru "r"-en aldekoa dela azaldu nahi izan du plataformak, murrizketa, berrerabilpena eta birtziklapena eta GHHPKPIak Europak eskatzen duen %60a birziklatzen duela. Eta plan hau ingurugiroarekin arduratsua den eredua dela, adierazi dute.