Indarkeria bukatu denetik, badirudi nolabaiteko baketzea lortu dugula. Hala ere, iruditzen zait lan franko egin beharko dugula urteetako eraso bortitzek elkarbizitzan utzitako zauriak sendatzeko. Ez dakit ordea, egiteko horrek duen berebiziko garrantziaz jabetzen ote garen. Jaurlaritzak aurkeztutako planaren edukia biribila dela deritzot. Batik bat, kalitateko bizikidetzak zoru etiko sendoa behar duela finkatzen duenean. Baina, inolako akatsik leporatzekotan badu bat funtsezkoa dena, ez duela gizarteratzerik lortu. Ezin baita elkarbizitzaren alorrean gehiegi aurreratu, gizartearen parte-hartze eraginkorrik gabe.
Dudarik gabe, egoera asko alda dakiguke lekuko erakundeek jarrera aktiboagoa hartuz gero. Elkarbizitza behetik gora eraldatu eta hobetzen baita, herriko jendea eta udal agintarien esku-hartzearekin. Parlamentuan adostu den abiapuntu etikoari ‘zorua’ deitu ohi zaio. Ezinbestekoa zaigu hitz horren bi adierez ohartzea. Bat, elkarbizitzak minimo partekatua behar duela adierazten duena. Bi, herritarrek eguneroko harremanak garatzen dituzten lurzoruan errotu behar den kode etikoa ere badela erakusten duena. Herriko kale-auzoetako lurzoruan, hain zuzen. Baita denda eta tabernetan, lan edo txolarte aldietan ere,… Urteetan izua edo mendekua zabaldu eta erein den toki berberetan, beraz, sustraitu behar da zoru etikoa, jarrera hondagarri haiek erabat ezabatu arte.
Askok esaten dute lan isilaren bitartez aurreratuko dugula konponbidean. Nire ustez alderantziz da; hobe egiten dena agerian egitea. Bortxa edo mehatxua erabiltzearen alde daudenek eraman beharko dute, horrela, auzo-lotsaren orbana.
Batzuek eginkizun horretan hasiak gara dagoeneko. Herriko BAI plataformak deituta, gaiaren inguruko gogoeta egin dugu zenbait lasarte-oriatarrek. Eta elkarbizitzaren zorua auzolanean errotzeko prest gaude.