“Zer da hau galdetzen diozu buruari”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 11

Lasarte-Orian Gerra Zibilean hainbat izan ziren herria utzi edo gerrara joan zirenak. Oria auzoan bereziki asko izan ziren kartzelan egon edo gerran hildako herritarrak. Islada Ezkutatuak taldeak herritarren testigantzak jaso ditu hilabete hauetan eta horietako bat da Aguirre-Garro familiarena.

Sole Aguirre Garro Oria auzoan hazi zen. Bere familian Gerra Zibilak hainbat oinaze sortu zituen, baina ez berak ezta bere ahizpek ere ez zekiten honen berri. Harekin bildu gara familia honen historia ezagutzeko.

Zure familia politikan sartua al zegoen?

Gerra baino lehen amaren familia politikan sartua zegoen. Osaba Joakin urriko iraultzan kartzelan egon ziren oriatarretako bat izan zen.

Aitak ez zuen politikarekin zer ikusirik baina idazten eta irakurtzen zekienez, kapitain izendatu zuten gerran. Hor hasi zen bere ibilbidea.

Familian hitz egin al zen noizbait gerran bizitakoaz?

Nire familian ez digute inoiz honi buruz hitz egin, nik uste dut beldurra zutela eta beste etxe askotan bezala, inoiz ez zuten aipatu.

Nire etxean gerrari buruz zerbait idatzi edo esan behar bagenuen hitz aproposena ixo izan zen. Hitz egitera joan eta ixo, gertatutako zerbait azaldu eta ixo... 

Baina zerbait bazenekiten...

Osaba Talledon, Kantabrian, hil zela bagenekien. Tiro galdu batek jo zuela esan zioten familiari. 

Aitona Galizian hil zen Upo-mendi ontzian eta bertan lurperatu zutela eta Andoaingo Navaridas batek idazten zizkiola eskutitzak aitona alfabetatu gabea zelako.

Aitarena ere berdin. Bagenekien gerran izan zela, kar-tzelan egon zela. Nik banekien Aretxabaleta aldetik zauritua zela eta lehengusu batek atera zuela, Agustin Etxezar. Horiek, familia guztia Frantziara joan zen. Nik xehetasun txikiak nekizkien baina ez besterik. Aitak niri ez zidan inoiz ezer kontatu. 

Noiz hasi zinen familiako historia ikertzen?

Donostian argazki erakusketa bat ikustera joan eta nire aitaren irudi bat ikusi nuen. Argazkia nola eskuratu jakin nahi izan nuen eta Aranzadira joan behar nuela esan zidaten. 
Bertara joan eta Pako Etxeberria eta Egañarekin hitz egin nuen. 

Eta aita hil zenean, duela 17 urte, hasi nintzen gehiago sakontzen. 

Amari galdetu nion aitak paperik bazuen. Amak karpeta bat zegoela aipatu zidan. Nik ez nion esan Aranzadiko kideekin lanean ari nintzela. 

Begiratzen hasi eta bertan aitak Oriako mutilen nominak eta berari egindako epaiketaren paperak zituen besteak beste.

Eta zer aurkitu zenuen...
Jakin genuen Santoñan harrapatu zutela. Kargua zuenez, 30 urteko zigorra ezarri ziotela eta El Puerto de Santa Mariara eraman zutela. 

Aitak beti esaten zigun Unibertsitatean egon zela. El Puertoko kartzelari Unibertsitatea deitzen zion. Bertan apaizak, unibertsitateko irakasle gehienak edota kargu publikoren bat izandakoak zeuden atxilo. Gehienak euskaldunak. Eta zerbait egin behar zutenez, klaseak ematen zituzten. 

Aurrerago, Zaragozara bidali zuten eta 24/48 orduko baimena eman zioten Oriara etorri eta amarekin ezkontzeko. Ezkondu eta ama Zaragozara joan zen berarekin. 

Nire ahizpa zaharrena jaiotzeko zegoela Oriara bueltatu ziren.

Aita 1936tik 41/42ra arte ez zen Oriara etorri. Sei urte egon zen gerra, kartzela eta erbestean. 

Gainera erbesteratua izan zen bakarra dela uste dugu. Gazte gehienak Frantziara joan ziren edo gerran hil ziren. 

Hala ere datu asko galdu direla uste dut eta aitak kontatu ahal zituen. Izan ere, memoria oso ona zuen. Aurreko batean Oriako auzotar batek gogoratzen zidan hori. Baina garai batean oso arriskutsua zen hitz egitea eta aitak hainbeste bizipen gogorren ostean, ez zuen ezer kontatzen.

Aranzadikoek osabaren berri eman zizuten, baita haren gorputza aurkitu ere...

Egun batean Aranzadikoek deitu eta hitz egin behar genuela esan zidaten. 

Talledoko herritarrekin hitz egin eta hilerrian bi gazte zeudela aipatu zieten. 

Horietako bat nire osaba zen begiratu behar genuela eta hara joan behar ginela esan zidaten. 

Kantabrian egin zen lehen hilobi ateratzea izan zen...

Bai eta uste dut bakarra izan zela. Izan ere, hilerria da eta elizaren lurrak dira, ez Kantabriako Gobernuarena. 

Hango apaizak eman zuen baimena hilobiak zabaltzeko, baina baimen hori bakarrik izan genuen.

Herritarrek asko lagundu zuten, ezta? 

Ni oso eskertua nago Talledoko herriarekin. Herriaren memoriarako ere oso garrantzitsua izan zela pentsatzen dut. 

Herriko jende asko bildu zen. Bi gazte euskaldunen berri guztiek omen zuten. Baina sekretu bat bezala gordetzen zen herrian, guztiek zekiten baina ez zuen inork horri buruz hitz egiten. 

Zehazki lurperatuta non zeuden azaldu zuten. Eskolako maistrak loreak eramaten zizkiela eta umeekin otoitz egitera joaten zela aipatu ziguten ere. 

Eta horretaz gain, datuak eskaini zizkiguten, zeinek hil zituen, zein baserritakoak ziren eta falangistak zirela. Gazteak Santanderretik ihesi zihoazten Bilbora bidean eta bertan Frantziarako ontzia hartu behar omen zuten. Falangistak haien atzetik atera ziren, harrapatu eta hil zituzten. 

Asto baten gainean eraman omen zituzten herrira manta batekin tapatuak, baina herriko gazte eta haur guztiek ikusi zuten. Talledon hilobiratu zituzten eta bietako batek bota alanbre batekin lotua zuela aipatu zuten. Testigantza oso argia da.

Nola joan zen hilobi ateratzea?

Lurra kentzen hasi ziren eta gutxira aurkitu zituzten. Ez zegoen sakonera handirik, ez zuten zulorik ere egin. Bertan zeuden bi gorputzak botata eta begiratzen hasita, alanbrea ere aurkitu zuten.

Esan behar da loreak ere aurkitu zirela, beraz egia zenmaistra hura haurrekin joaten zela bertara.

9:00etatik 18:00ak arte egon ginen bertan. 18:30ak aldera guztia hartu eta Aranzadira ekarri genituen.

Nola bizi zenuen?

Hara joan nintzenean jasango nuela uste nuen. Baina han bihotzak jauzi bat eman eta hau zer da galdetzen diozu zeure buruari.

Pentsatzen hasten zara eta subkontzientea bueltaka hasten da. Nik amonarekin lo egiten nuen gaztetan eta amona gaixoak gauero osabaren eta beste hainbat pertsonaren alde egiten zuen otoitz. Eta pentsatzen hasten zara zein gogorra izan behar zuen amonarentzat ez jakitea non zegoen bere semea eta ezin gertu lurperatzea ere.

Gainera, joateko ginenean gizon bat gerturatu zitzaidan besarkada eta bi muxu eman eta “lasai hilko naiz orain. Ez nuen hau kontatu gabe hil”. Haurra zen dena gertatu zenean eta guztia ikusi zuen. 

Aitonarekin zer gertatu zen ere argitu zenuen...

Bai, horrela da. Urte batzuk beranduago Aranzadikoek aitonaren berri zutela aipatu zidaten. 
Nik Upo-mendi ontziari buruz irakurria nuen zerbait, baina ez nekien ziur zer zen. Ez nekien ontzi bat zela, Galiziara eraman zituztela eta bertan gosez hil zirela. 

Amonari Andoaingo ezagun batek lagundu nahi izan zion dirua eman eta bertara joateko, baina guztia zuenean eskutitz bat iritsi zen aitona hil zela esanez. 

Asko harritu nintzen aitona salatu zuen pertsona Oriakoa zela jakitean eta ondoan bizi zela. Dagoeneko hil da pertsona hori eta eskerrak, izan ere, datuak atera eta gero ez litzateke oso atsegina izango berarentzat horrelako erantzukizuna onartzea. 

Zer gertatu zen gorpuarekin?

Amonak ezin izan zuen gorpua ekarri ez zutelako ez dirurik, ezta baimenik ere. 
Han dago lurperatua. Ezin dugu ezer egin, agian ez dago ezer. Baina egunen batean bertara joan nahiko nuke non dagoen ziur jakiteko.

Garrantzitsua da iragana ezagutzea beraz...
Nik beti esan dut ezin dela ahaztu, ezin da mendekua bilatu, ez da beldurrik eduki behar, bestela ez dugu historiarik eta historiarik ez badago ez daukagu herririk.

Zer gertatu zen jakitea, familiak erbestetik etorri zirela. Amona eta beste hainbat emakume etorri ziren. Orian berriro zerotik hasi behar izan zuten. Ez zuten ezer eta lanean hasi ziren. Oriako emakumeek astakiloen antzera lan egin zuten eta garatze handia izan duen auzoa izan da.
Badakit garai hartan jazotakoaz gehiago dakien jendea dagoela eta pena da ez hitz egitea. 

Bestalde, herritarrei gonbita egin nahi nieke senideei buruzko berririk ez badute Aranzadira hurbildu eta galdetzea. Lan handia egiten ari dira eta informazio dexente dute.