Laguntza behar dut!

unai-munoa 2014ko apirilaren 11

Berriki irakurri dut zailagoa egiten zaiela gizonei laguntza eskatzea emakumeei baino. Ez da harritzekoa kulturalki gizonoi ezarri zaigun rolari erreparatuz gero, ahalaren balorea meritutzat ulertu izan baitu maskulinitateak, indarrarenarekin batera. Are gehiago, emakumezkoak lekuko direnean, printzeak babesten baitu printzesa ipuin guztietan.

Autonomia eta autosufizientzia nahasten ditugu gehiegitan, menpekotasuna eta elkar osatzea nahasten ditugun moduan. Osotasunaren hondar ale bat besterik ez bagara, zergatik eskatzen ote diogu gure buruari ahal osoa?  Etengabeko alderaketan bizi garelako, akaso? Urkoaren begietatik neurtzen garelako? Mugaz zein bertutez osaturiko gizaki garen heinean, laguntza eskatzeko beste umilak izango bagina, kooperazioan oinarrituko genuke gure jardun soziala, eta ez konpetizioan, ohi dugun gisan.

Sarri izan dut laguntza eskatzeko premia, sarri egon naiz erortzear eta esan dut ez nuela ezer behar, baina ikasten ari naiz, eta autonomiaren esanahia ulertzen hasi naizelakoan nago. Hau da, autonomia ez da gure bakardadean guztiari erantzuteko gaitasuna, ez eta ahuldadeak ezkutatzea besteen aurrean, gure balioa gutxietsiko dutelakoan, egoerei aurre egiteko baliabideak izatean datza, baizik.
Laguntza eskatzen dakienak, edozein gertakariren aurrean jakingo du nola ekin eta egoera zailenetatik nola atera. Jakingo du besteak duen garrantziaren berri eta jakingo du behar duenari eskua luzatzen ere. Aldiz, gogorrarena egiten duenak inoiz baino ahulago sentituko du bere burua, nire esperientziaren arabera, beti ere.

Ez zaude bakarrik eta ez zara bakarra, guztiok daukagu elkarren beharra.