Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren eta Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren uztartzearen emaitza da, aurtengo urterako hiru erakundeok jardunaldiaren antolaketan bat egin baitute. Herri administrazioetako euskara teknikariek, politikariek, aholkularitza enpresek, hizkuntza erabilera gaietan ikerlari eta aditu direnek edo-eta lan jardunean euskara ardatz dutenek esperientzia berriak partekatzea eta etorkizuneko erronketarako formazioa eta tresnak eskuratzea dira jardunaldiaren helburuak. Hortik izenburua: Euskara erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen.
Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia herri administrazioetan euskararen erabilerak jauzi esanguratsua egiteko behar dituen baldintza berritzaileen oinarriez eta ibilbideaz hitz egiteko foroa izango dela azaldu dute sustatzaileek. Horretarako, hogeita hamar urteko ibiliak utzitako ikaskizunak, orain arteko lan moldeetan bide berriak urratzeko gaitasunak eta datozen urteetarako langintzaren marra nagusiak izango dira oinarri.
Jardunaldia Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo da. Euskara erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen izenburupean euskara planak garatzeko oinarriak, Eralan 3ko interbentzioak eta emaitzak eta etorkizuneko oinarriak izango dituzte hizpide.
Hiru bloke izango ditu jardunaldiak. Lehenengoa teorikoagoa, eta unibertsitate esparruan ari diren adituen eskutik etorriko dena. Bigarrena interbentzio eta esperientzia praktikoei lotuagoa, eta hirugarrena berriz, etorkizun hurbileko planetarako berrikuntzari eta esperimentazioari eskainiko zaiona.
Hamaika hitzaldik eta talde-lanak osatuko dute aurtengo egitaraua. Hizlarien artean, berriz, UPV-EHUko, HUHEZIko, HPSko, UEMAko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Soziolinguistika Klusterreko eta hainbat udaletako ordezkariak izango dira.
Matrikulazioa www.elkarrekinberritzen.net webgunean egin behar da, matrikulazioa online atalean. Prezioa 80 euroko da –bi eguneko bazkaria barne–. Izena emateko azkeneko eguna maiatzaren 8a da.