Mundu Bat GKE-k Khitam Sa’afin Emakumeen Lantaldeen Batasuneko kidea Gipuzkoan Palestinako egoeraz hitz egitera gonbidatu du. Horregatik, atzo gure herrian izan zen.
Goizean, Lasarte-Oriako Udal gobernuarekin bildu zen. Arratsaldean, berriz, Emakumeen Zentroak sustatuta, Palestinako emakumeek bizi dituzten egoerak azaldu zituen Villa Mirentxun eta hurbildu ziren herritarrek haien esperientziak azaldu edo galderak egiteko aukera izan zuten.
Era honetara besteak beste, emakumeen lantaldeek Palestinan izan diren aldaketa politikoen ondorioz eman behar izan zituzten pausoak azaldu zituen lehenik. Gaur egun esate baterako, lege erreforman aldaketak proposatzeko aukera dute.
Emakumeen eskubideak eta eskubide nazionalak parekatu nahi dituztela azaldu zuen. Baina horretarako herritarren eskubideak alde batera ezin direla utzi azpimarratu zuen Sa’afinek.
Hala ere, egun emakumeen artean eztabaida handia dagoela jakitera eman zuen. Izan ere, emakumeen eskubideak alde batera utzi behar dituzte nazio eskubideak edo independentzia aldarrikatzeko.
Egoera latza
Honetaz gain, Palestinako egoeraz ere mintzatu zen. Palestinako gatazkan erlijioa eta politika nahasten direla aipatu zuen, baina sionismoa baino lehen erlijio guztiak elkarrekin ederki bizi zirela aipatu zuen.
Khitam Sa’afinek aipatu legez, kolonialismo egoera bat bizi dute Palestinan. Israeldarrek eremuak okupatzen dituzte eta horma eraikitzen dute hauen inguruan. Hau Berlinekoa baino garaiagoa dela azpimarratu zuen, “3 bider”.
Honetaz gain, Gaza blokeatua dagoela eta israeldarrek kontrolpean dutela; judutarrak palestinarrak Jerusalemetik botatzen ari direla eta horretarako etxeak eraunsten dituztela; 2000 urtetik hona israeldarrek milioi bat baino gehiago olibondo moztu dituztela edo Zisjordanian urarekin arazo larriak dituztela adierazi zuen. “Palestinarrak hiru edo lau hilabeteetan urik gabe egon daitezke, baina kolonoek egunero eskuratu dezakete”.
Eta errefuziatueztaz ere mintzo zen. Nahiz eta nazioarteko babesa izan errefuxiatuak haien lurraldera ezin direla bueltatu ere aipatu zuen. “Siriako errefuxiatuak leku aldatu behar izan dira edo Europara egin dute saltoa gerratik ihesi. Beste batzuk gerran hil dira. Eta kasu honetan ere emakumeak dira biktimak”.
Hau guztiagatik, nazioarteko laguntza beharrezkoa dutela jaitera eman zuen.