Autobus zerbitzuko proposamen berria aztergai asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 7a

Tolosaldea eta Buruntzakdeko herritarren iritzi horiek guztiak kontuan izanik teknikariek aurreproiektu bat landu dute autobus zerbitzua hobetzeko. Aurrera eramaten ari den bigarren fasean, herrietan proiektua aurkeztuko dute proposamenei egokitu den jakiteko. Lasarte-Orian apirilaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 18:30ean egingo da bilera Villa Mirentxun.

Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua hobetzeko prozesua jarri zuen martxan. Lehen fasean, 2013 urteko amaieran, herritarren proposamenak batu zituen hainbat herrietan egindako bilerei esker. Lasarte-Orian bi bilera egin ziren orduan, bata Villa Mirentxun eta bestea Gaztelekuan eta hainbat ekarpen batu zituzten.

Erantzunak

Honetan besteak beste, urrian burutu ziren bi bileratan, herritarrek egindako sei proposamenei erantzuna emango die. Aldundiko kideek Lasarte-Donostia linearen ostiraletako azken orduko zerbitzua 1:00ak arte luzatuko dela eta ibilbide horretako zerbitzu-maiztasuna handituko dela azalduko dute. Era berean, proposamen berriari esker, Lasarte-Oriak ospitaleekin duen lotura hobetu egingo da Oria eta Ospitaleen arteko linea berria ezarriko baita. Ondorioz, pasuko batez besteko maiztasuna 30 minutu ingurukoa izango da. Usurbiletik ospitaleetara doan zerbitzuari dagokionez, Lasartetik igaroko da aurrenik ospitaleetatik itzultzean.

Bestalde, Groseko anbulatoriora konexioa egotea edo bestela ontzi-aldaketa ez kobratzea eskatzen zen. Tamalez, Groseko anbulatoriora heltzeko Donostian transbordoa egitea beharrezkoa da, hau herri arteko zerbitzua baita eta ez Donostia barnekoa. Gainera, Dbuserako transbordoak %25eko kostua duela aipatuko dute.

Eta azkenik, nahiz eta lasarteoriatarrek maiztasun gehiago eskatu zuten, Donostiara Amaratik barrena doan autobusak orain arte ordutegia mantenduko du.

Zozketa
Bileretara hurbildu ezin diren herritarrei bi aukera eskainiko die haien iritzia eskaintzeko. Batetik etxeetara iritsiko den eskuorrian dagoen inkestari erantzun ahal diote edo bestetik www.garraioahobetzen.net orrialdean dagoen galdetegia betetzea dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiari prozesuari buruz iritzia ematea garrantzitsua deritzonez, parte hartzea sustatu nahian, Mugi edo Lurraldebus txartela kargatzeko 20 euroko bonoak zozketatuko ditu ekimen honetan iritzia ematen duten herritarren artean. Era honetara, Foru Aldundiak prozesuan parte hartzeko gonbita egiten die herritarrei.