Aitortza oroimenaren ahotsei

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 6a

Omenaldi xumea egin die Islada Ezkutatuak taldeak 1936ko gerra garaian herrian eta eskualdean gertatu zena gogoratu eta argitzeko prestutasuna agertu dieten herritarrei. Informazio bilketaren lehen fasea amaitutzat eman du taldeak, eta fruituak berandu baino lehen plazaratuko dituztela argitu dute. Guztira 100 bat bizilagun bildu dira eguerdian Udaletxeko pleno aretoan, tartean, Marina Bidasoro Aldundiko giza eskubide eta oroimen historikorako zuzendaria.

Txiki geratu da Udaletxeko pleno aretoa igandean. Emozio handiko momentuak izan dira omenduentzat, aspaldiko garaiak gogoratu eta elkarbanatzeko aprobetxatu dute eguna musu eta besarkada artean.

Mailu Arruti Islada Ezkutatuak taldeko kideak egin ditu aurkezle lanak: “1936ko Gerrak Lasarte-Orian eta inguruetan suposatu zuen tragediaren puzle bat osatzen ari gara, eta puzlearen zati bat osatu dugula esateko bildu gara hemen”.

Izan ere, taldea lan mardula osatzen ari da garaiko irudiak eta testigantzak bilduz zein landa-arrasto eta aztarnak ikertuz. Guztira lekukoen testigantzen 50 ordu inguru bideoz grabatuta dituztela esan dute agerraldian.

Pablo Barrio alkateak bere aldetik, lekukoen garrantzia azpimarratu du: “Informazioa jasotzea oso garrantzitsua da, garai haietan familietan eta etxeetan gauza horietaz hitz egiten ez zelako. Testigantza gehiago behar ditugu oroimena berreskuratzeko, dokumentazioan, datuetan oinarritzen den oroimena berreskuratu nahi dugu errealitatea osatzeko”.
Jose Agustin Muguruza eta Kristina Bernal Islada Ezkutatuak taldeko kideek hartu zuten hitza ekitaldian orain arte egindakoa errepasatzeko. 
“Prozesu honi egin diozuen ekarpena eskertzeko deitu zaituztegu, Memoria Historikoa berreskuratzeko egin duzuen lana aitortzeko”, adierazi dute. 
Agerraldia arindu eta aretoa musikaz girotzeko Joseba Tapia herriko musikariak pare bat kanta jo ditu trikitixaz lagunduta, gerra garaiko musikarien hitzekin.

Jarraian egin dute oroigarri banaketa, kristalezko botila bat oparitu diete barnean esker ona adierazten zuen grabatu bat zuela eta erabat hunkituta jaso dute denek saria.

Testigantza guztiei irekita
Gerraren krudeltasuna azalean bizi izan zuen Xole Agirre Garrok ere hitz egin du jendaurrean. Frankismoari zioten beldurraz, etxean gaia ateratzen zen bakoitzean sortzen zen isiltasunaz, oroimena berreskuratzearen garrantziaz eta egia ezagutzearen beharraz jardun du.

Zentzu horretan, jende gehiagoren testigantzak bildu nahi dituzte. Lasarte-Orian edo bertatik kanpo Gerra Zibilaren gordintasuna bizi izan zuten herritarren bila ari dira, edo baita nazionalen bandoan guda egin zuen jendearen bila ere, taldea “inpartziala” baita. Norbaitek informaziorik balu eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. 

Bideoa