Kirola eta natura bat eginik IV. BTT trabesian

jon-altuna-egitegi 2014ko api. 6a, 16:42
Eguraldi ona, eguzkitsua, loskarbi, 17 gradu irteeran, 25 bat ibilbide osoan zehar eta lokatz gutxi bazterretan. Eskatzen hasita ere zaila zuten Lasarte-Oriako IV. BTT trabesiaren antolatzaileek giro hobea eskatzerik. Kirola eginez naturarekin gozatzeko aukera paregabea izan dute gaur goizean Euskal Herri osotik etorritako mendi-bizikleta zaleek.

Goizeko 9:30ak pasatxo zirela abiatu da 412 txirrindulariz osatutako tropel koloretsua Okendo plazatik. Herriko Katagorriak edo MKL taldeko mailotekin horietako asko.
Bi ibilbide zituzten aukeran. Erdigunetik hasi eta Andatzan barrena 26 kilometro egin ostean, helmugara sartzeko aukera zuen hala nahi zuenak. Halaber, ausartenek ibilbideari bost kilometro gehituta Buruntza mendiaren magalean ibiltzeko parada izan dute.
Helmugan denetariko irudiak ikusi dira, guztiz akituta batzuk, fresko-fresko besteak...  Baina poz aurpegia zuten denek, ongi egindako lanaren irribarrea ezpainetan. 

Ibilbidea egoera onean
Zorionez, aurreko egunetan euri gutxi egin du eta ondorioz ziklistek ez zuten lokatz gehiegirik bidean. Horrek zirkuitu gogor eta gorabeheratsuari samurtasun puntua eman dio.
Bereziki, bukaera izan da benetan deigarria eta polita. Txirrindulariak menditik bueltan zetozela, Askatasunaren parkean eta Antonio Mercero Plazan dauden belardietan ginkana moduko zirkuitu labur bat prestatu baitiete.
Jendearen ikusmina sortu du azken zati sigi-sagatsuak eta txirrindulariek umore onean gainditu dituzte salto eta oztopo guztiak.
Amaitzean, garagardoa, txistorra pintxoa, kafea, freskagarriak, haragi egosia edo dena-delakoa zituzten zain txirrindulariek, esfortzu handiaren ostean pixkanaka indarrak berreskuratzen hasteko. 

Argazkiak:

http://txintxarri.info/galeria/585/

Bideoak:

Amaierako ginkana

Irteerako giroa