Zero Zabor 5. edukiontziarekin kezkatuta

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 4a

Lasarte-Oria Zero Zabor taldeak bosgarren edukiontzia ezartzeko Batzorde Bereziaren inguruko informazio falta salatu du ostiral arratsaldean egindako agerraldian.

Prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, duela hilabete batzuk jakin zuen taldeak 5. edukiontzia ezartzeko batzorde berezi bat sortu zela herrian. 
Gaian interesa zutela eta, batzordeari informazioa emateko eskatu zioten, lanean zertan ari ziren ezagutu eta ezarpen prozesu hori zein egoeratan zegoen jakiteko, baina ez dute erantzunik jaso.

Era berean, batzordeko lehendakari Jesus Zaballosekin bilera egiteko ere eskatu zuten: “Lasarteko alderdi politikoekin harremanetan jarri ginen, haiekin biltzeko eta batzorde horri buruz hitz egiteko. EH Bilduk izan ezik, gainontzekoek ez digute erantzun ere egin”.

Herritarrei “bizkarra emanda” sortutako batzorde “lausoa” ezbaian jarri eta hondakinen gaiak osasun, ekonomia eta ingurugiroarengan duen eragina nabarmendu dute: “Urte mordoa daramagu hondakin organikoak gaika biltzeko aldarrikapena egiten. Argi daukagu ongi kudeatzen den bosgarren edukiontzian oinarritutako sistema bat ezer baino hobea dela. Dena dela, datuak eskuan hartuta, atez ateko bilketak erakutsi du sistema eraginkorragoa, erosoagoa, garbiagoa eta merkeagoa dela, zenbait hedabidek justu kontrako ezaugarriak saldu nahi badizkigu ere”, adierazi dute agerraldia amaitzeko.

Agerraldiaren bideoa