“Euskaraz bizitzera etorri naiz”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 4a

Euskara ikasteko modu asko daude ikastaroak, barnetegiak... baina badira Juan Martin "Kutsidazu bidea Ixabel" liburuko protagonistaren antzera baserri batera euskara hobetzeko joaten direnak ere. Horietako bat Maite Azkona dugu. Andosillako gazte honek bere herria utzi eta Lasarte-Oriara etorri da euskaraz bizitzera.

Nork esango luke Lasarte-Oria euskara ikasteko leku aproposa dela. Bitxia badirudi ere, Maite Azkona gazte andosillarra gure artean da euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko. Hilabete batzuk daramatza herrian eta ekintza ugaritan parte hartzen du. Harekin bildu gara Lasarte-Oria zergatik aukeratu zuen jakin eta Erriberan euskararen egoera  zein den gertutik ezagutzeko.

Euskara txikitatik ikasi zenuen edo Unibertsitate ikasketen ondoren hasi zinen ikasten?
Herrian txikitatik eskolan ikasi nuen euskara eta institutuan ere euskaraz ikastea aukeratu nuen. Unibertsitatea eta gero, Iruñean eta Sartagudan egon nintzen euskara ikasten. Aurten Lasarte-Oriara etorri nintzen. Niretzako oso garrantzitsua da euskara eta ikasi beharko litzatekeela uste dut.

Unibertsitatean ez zenuen aukerarik izan euskaraz ikasteko?
Ez, unibertsitatean magisteri-tza musikala gazteleraz ikasi nuen. 

Euskara hobetzeko aukera asko daude barnetegiak, ikastaroak,... baina zuk Lasarte-Oriara etortzea erabaki zenuen, zergatik?
Barnetegiak ikusi nituen, baina nik kurtso osoa euskaraz bizi nahi nuen, hobeto komunikatzen ikasteko. Hasieran ez nuen lekua argi. Hemen jende ezaguna nuen... Horregatik, errazagoa izan zen aukeratzea. Gainera, lana bilatzera etorri eta azkenean hemen geratu nintzen.

Noiz etorri zinen Lasarte-Oriara?
Irailean etorri nintzen, sei hilabete egin ditut Lasarte-Orian. Oso pozik nago eta herria ongi dago. Hasieran euskaltegian galduta nengoen, baina gero moldatzen joan nintzen.

Zer egiten duzu euskaraz ikasteaz aparte?
Goizetan emakume bat zaintzen dut. Baserri batean bizi naiz Zubietan. Logela bat alokatu nuen bertan eta etxeko emakumearekin egoten naiz. Berak guztia euskaraz hitz egiten du eta, berez, aukera oso ona da nire mintzamen maila hobetzeko.

Arratsaldeetan normalean AEK euskaltegira noa, egun bat dantzara noa, beste bat Solaskidera, ostegun batzuetan pintxo-potera ateratzen naiz koadrila batekin. Lagun bat neukan hemen eta bere koadrilarekin joaten naiz. 

Kostatu zait baina pixkanaka lortu dut herrira egitea.

Beraz, euskaraz egiten diren beste ekintza batzuetan ere parte hartzen duzu...
Nik ez nekien herrian horrelako ekintzak zeudenik. Gauza asko daude Lasarte-Orian euskaraz egiteko! Nire herrian ezberdina da. Han ez dago inor euskaraz hitz egiten duenik eta hemen euskara erabiltzeko aukera asko dauzkat. Orduan oso ona da. Hasieran aipatu duzu lan bila etorri zinela. Euskal Autonomia Erkidegoan magisteritzan lan egiteko garrantzitsua da euskara. Bai, aukera gehiago duzu lana aurkitzeko. Baina oso zaila ikusten dut hemen lana topatzea.

Lana aurkitu ez badut  ere, pozik nago euskarekiko eman ditudan aurrera pausoak direla eta. Orain behintzat elkarrizketa bat jarraitu dezaket eta bertan parte hartu dezaket arazorik gabe. Iaz pentsa ezina zen.

Andosilla inguruan aukera gutxi dago euskara ikasi edo hitz egiteko...
Lodosan AEK euskaltegia dago baina pertsona eta talde gutxi daude. Iaz bertan euskara ikasteko aukera nuen, baina Sartagudara joaten ginen. Txarrena zen maila oso ezberdinak daudela talde batean. 
Baina euskara ikasteko aukera dago; euskaraz hitz egiteko berriz, arazoak daude. 

Beraz, zein da euskararen egoera Andosilla eta Erribera aldean?
Aipatu dudan bezala, gazteleraz bakarrik hitz egiten da.

Ni Andosillako naiz, baina Lodosan dago ikastola. Beraz, Erriberan haurrek euskaraz ikasteko aukera dute. Baina normalean kalean ez da ezer entzuten. Gure herrian, berriz, txistulari talde bat dugu eta elkartzen gara noizbehinka, bazkariak egiteko. Orduan entzun dezakezu euskara. 

Noiz arte egongo zara Lasarte-Orian?
Momentuz maiatza edo ekainera arte geratzeko asmoa dut. Baina gero agian beste urte bete egingo dut. Niri ez dit axola horrek, azkenean euskara ikasi eta euskaraz bizitzera etorri naiz.