Askatasunaren parkean burutu dute udal zein Ttakuneko ordezkariek udako egitasmoen aurkezpena. Boris Nogales euskara batzorde burua, Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakaria eta Ttakuneko gainontzeko kanpaldietako hezitzaileek parte hartu zuten honetan.
Tomas Arrizabalak Ttakunek aisialdi eskaintza kalitatezkoa eta euskaldunaren aldeko apustua azpimarratu zuen.
Boris Nogales udaleko ordezkariak azaldu zuenez urte asko dira udalak Ttakun kultur elkarteak uda sasoirako haur eta gazteentzat prestatzen dituen egitasmoak diruz lagundu eta babesten dituela eta aurten ere hala izango da “garrantzitsua iruditzen zaigulako gure herriko haurrek oporraldian ondo pasatzeko aukera izateaz gain, eskaintza ona eta euskalduna izatea”.
Pili Bermejo, Eneritz Mendiluze, Haizea Sarasola, Irati Perez, Ainhoa Mendiluze, Gorka Segurola eta Iñaki Aristondok Ttakuneko hezitzaileek aurkeztu zituzten aurtengo udaran herriko haurrentzako prestatu duten eskaintza.
Pilik azpimarratu nahi izan zuen iaz, 650 haur eta gaztek parte hartu zutela udako eskaintza ezberdinetan eta hauekin aritu zirela 70 lagun inguru, begirale, koordinatzaile eta laguntzaile bezala.
Eneritzek aipatu du udako ekintzak prestatzeaz arduratzen den lan taldea lanean dagoela dagoeneko. Maiatzaren 10ean begirale taldea bildu eta asteburu pasa egingo dute “baliabideak eskaintzeaz gain, talde lana eta elkarrenganako konfiantza sustatu ahal izateko”.
Eskaintza
Ohi bezala uztaila eta abuztuan goizetan txokoetan parte hartu ahal izango dute 3 urtetik 12 urte bitarteko haurrek. Ohiko ordutegia 10:00etatik 13:00ak arte izango da baina lan egiten duten gurasoei erraztasunak emateko asmoz Goiz txoko formula erabil dezakete, goizeko 9:00etan sartu ahal izango dira haurrak.
Txikienen kasuan, psikomotrizitatearen lanketa eta ipuinak izango dira bidelagun. HH5-LH2koen kasuan, jostakirola programa izango da oinarri “astero irteerak, jolas eta jarduera motibagarriak”.
Adinean aurrera, irteera gehiago egiten dira eta LH2 eta LH3koek egonalditxo bat egiteko aukera izango dute txokoen baitan 4. astean “etxetik kanpoko lehen esperientzietako bat izateaz gain, taldearentzat oso esperientzia polita izaten da, aurten Altzon” irteeran parte hartzea hautazkoa da. LH3-LH6, 8-12 urteko gaztetxoen programa “aurtengoan abenturaz josirik dator… Olinpiadak izango ditugu hilabetean zehar lagun, bakoitzak bere taldea ondo defendatu beharko du. Honetaz gain, iaz bezela, irteera egunak izango ditugu eta josta-kirola programan Surfa”. LH3-LH6ko haurrei hilabete osoa udalekuez gozatzeko aukera ematen zaie. Udaleku itxietan aritzeaz gain, aukera dute txokoetan ere parte hartzeko.
Udalekuei dagokionez, LH5 eta LH6koak Donemiliagara doaz uztailaren 2tik 13ra eta LH3 eta LH4koak uztailaren 16tik 25era bitartean Gobiaranera. DBHko gaztetxoek, kanpaldi ibiltaria burutuko dute Bizkaiko kostan zehar herrian bukatuta eta Nafarroa Xtreme DBH3 eta DBH4koentzat. Honetan Iñaki Aristondok azaldu moduan, Bortziriak, Bertizarana eta Baztan inguruak ezagutuko dituzte eta “ia egunero kirolarekin trebetasunarekin eta naturarekin zerikusia duten probak egingo dira”.
Izena ematea
Izena emateko epea zabaldu da eta Ttakuneko bulegoan egin daiteke. Udako Txokoen kasuan, astelehenetik aurrera egin ahal izango da.