Elkarlanerako akordioa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 3a

Eguerdian sinatu du Aterpea herriko merkatari eta ostalarien elkarteak akordioa udalarekin. Agerraldian bi aldeak oso pozik azaldu dira elkarlanean jarraitzeko pauso garrantzitsua delako.

Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak udalarekin lortutako akordioa sinatzea garrantzitsua dela azaldu du. “Honen bidez bi aldeen arteko elkarlana bermatzen da, elkarteari baliabide ekonomikoak ematen zaizkio lanean jarraitzeko eta herriko merkatari eta ostalarien kanpainak udalak babestuko dituela ziurtatzen dugu”.

Bazkide berriak lortzeko kanpaina esaterako, elkarlanean burutuko da. Jasotako ekintzen artean, Udaberriko kanpaina, bigarren pintxo lehiaketa egingo da eta besteak beste, Gabonetako kanpainarekin batera argiak jartzeko ahalegina.

Aterpeak bere aldetik udalak bultzatutako Guztion Lasarte-Oria ekimenean parte hartuko du, Biziberritzen eta Tratu On bat egitasmotan ere. Azken honetan pauso handiak eman direla adierazi dute eta horretan lan egiten jarraitzeko asmo sendoa. Ramonek aipatu du “Tratu On bat” txartela sortzearen aukera aztertuko dutela.

Pablo Barrio alkateak herriko merkatari eta ostalariak herriko garapen ekonomikoan oinarrizkoak direla esan du. Eta hau dela eta, udalak babestu eta sustatu beharrekoa. Dioni Avila merkataritza teknikariak orain arte egindako lan ona azpimarratu nahi izan du eta aurrerantzean garapen ekonomikoan lanean jarraitzeko bi aldeen konpromezuaren garrantzia aipatu du.