Estitxu Alkorta eta Boris Nogales zinegotziek agerraldian azaldu duten legez, BILDUrekin eta PCLOrekin elkarrizketa eta negoziaketa ugari egin ostean, EAJ-k asteartean Udalbatzarrean aztertuko diren aurrekontuei onespena emango die.
Baldintza nagusia urte bukaeran mailegurik ez eskatzeko helburuarekin gastu arruntari eustea eta hori udaletxeko sarrera arrunteetara egokitzea izan da. “Guretzako, zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeak, zergak eta tasak igo behar izan gabe, berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du,” azaldu du Alkortak.
Enplegua eta kultura
Baina alderdi jeltzaleko kideek aipatu dutenez, badira beste arrazoi batzuk ere.
EAJ-k Enplegu Sustapenaren aurrekontua igotzeko aparteko esfortzu bat egitea eskatu du, baita udal ekonomia berpizteko ekimen berriak martxan jartzea ere. Eta zentzu honetan, Euskaltegi zaharrean dauden udal jabetzakoak diren bulegoak zaharberritzeko eta autonomoei eta ekintzaile gazteentzat “enpresa haztegia” sortzeko aurrekontu-partida bat gordetzea lortu dela aurreratu dute.
Era berean, egun erabilerarik ez duten eta udaletxe zaharrean kokatuta dauden udaleko bi etxebizitzen salmenta, enkante publikoan aterako direnak, aurrekontuetan sartzea lortu dela ere jakitera eman dute.
Zinearen digitalizazioa borrokatu duten beste ekimena dela azpimarratu dute. “Zine analogikoaren itzalialdiarekin, ezinbestekoa zen digitalizaziorako saltoa ematea estreinekoak diren filmak proiektatzea nahi bagenu,” azaldu dute. Eta digital formatoak besteak beste, filmak 3D eran ikuskatzeko aukera emango duela aipatu dute.
Eta elkarkidetzako pentsio-funtsara ekarpenik egin gabe urte bete igaro ondoren, udaletxeko langileen kuoten ordainketa osoa aurrekontuetan txertatzea lortu dela onartu dute.
Lankidetza
Hau guztiaz gain, herriko beste indar politikoekin hitz egiteko eta negoziatzeko prestutasuna agertu du EAJk eta horren emaitza San Pedroko parrokiaren teilatuaren konponketa diruz laguntzeko asmoarekin PSEkin batera aurkeztu duten emendakina dela adierazi dute, “aurrekontuen zirriborroan sartzea onartu ez zen diru-laguntza bat izanik, beste indar politikoekin batera defendatuko dugun ekimena izango da azkenean”.