Islada Ezkutatuak taldeak 36ko gerrak eta ondorengo diktaduran herriko biztanleek jasandako gertaeren oroimena ikertu, berreskuratu eta jakitera eman nahi du. Lan hau burutzeko herritarren testigantzak funtsezkoak dira eta taldea sortu zenetik, 30 inguru izan dira dagoeneko jasotakoak.
Igandean ekitaldi berezia egingo dute pleno aretoan 12:00etan testigantza hauek eman dituztenei esker ona adierazteko eta oinarrian, Pablo Barrio alkateak esan bezala, "gerra zibiletik bizirik irten zirenei".
Barriok azpimarratu nahi izan du herriaren historia, "badira 28 urte Lasarte-Oria udalerri moduan jaio zela eta Urnieta, Andoain eta Hernaniko auzo bat izateari utzi ziola. Zentzu horretan, udalerri gazte eta berri bat da, baina begirada atzerantz botaz gero historia handia duen herri batekin topo egiten dugu. Zati gozo eta pozgarriak izan dituen historia batekin, baina baita urte askotan horrenbeste biktima utzi dituzten gatazka politiko-militarrek ekarritako sufrimenduak eragindako zati garratzagoak dituenarekin ere".
Aldi berean, Islada Ezkutatuak taldearen lana goraipatu nahi izan du alkateak "guretzako beharrezkoa baita garai bateko lasarteoriatarrak aurre egin zioten errealitate gordin eta gaur egun oraindik oso ezezagunaren identifikazio osoa. Arrazoi hori dela eta biktima orok bere aitortzaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren duen eskubidearengatik egiten ari den lan hau benetan beharrezkoa eta ezinbestekoa dela deritzogu".
Taldearen lan guzti hori ez litzateke "gerrate hartatik bizirik dirauten benetako protagonisten borondate onik eta laguntzarik gabe. Beraiek dira historiaren puzzlea osatzen laguntzen digutenak, pixkanaka eta beraien oroimenean aurkitzen dituzten piezekin, kontutan hartuta askotan izaten duten karga emozionala eta gogoratzeak eskatzen duen ahalegina".
Islada ezkutatuak taldeak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu duen eskertza ekitaldira gonbidatu nahi izan ditu alkateak "gai honekin sentsibilizatua dagoen herritar oro eta bereziki garai hura bizi izan zutenak".
Lanaren fruitu
Mailu Arrutik azaldu ditu ekitaldiaren nondik norakoak. 12:00etan hasita, taldearen aurkezpen labur bat egongo da, Joseba Tapia musikariak hainbat doinu eskainiko ditu eta testigantza eman duten pertsonei oroigarri xume bat ere emango zaie.
Orain arte egindako lanaren fruitu izan den esku orria ere aurkeztu du Arrutik. Honakoa etxe guztietan buzoneatu da eta besteak beste, gerran hildako herritarren zerrenda jaso da. "Ikertzen jarraitzen dugu eta ez da zerrenda definitiboa bertan aurkeztutakoa, horregatik norbaitek informazioa edukiko balu, biziki eskertuko genioke erraztea. Lanean jarraitzen dugu eta ezin da liburu itxi bat egin, pixkanaka gauza gehiago ezagutzen goazelako".
Aldi berean, gehien bat alde bateko testigantzak jaso dituztela esan du Mailu Arrutik eta gustatuko litzaiekeela nazionalekin gerran aritutakoenak ezagutzea ere "taldea inpartziala da". Lanean jarraitzen dute eta testigantza gehiago jasotzeko prest daude beraz, herritarrak animatzen dituzte eurekin harremanetan jartzea.