Motokrosa Hipodromoan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 1a

Apirilaren 6ean, igandean, hipodromoak Espainiako Motokros Klasiko koparako baliogarria den lehen froga hartuko du. Duela 40 urteko gidari ezagunak beraien motorretan igoko diren lasterketa. Gaur egin dute probaren aurkezpena.

Apirilaren 6an, Hipodroman egingo da Donostiako Motokros klasikoa modalitatean Espainiako Lehen Koparako froga baliogarria izango dena. Zaletu batzuen ekimenez Fly Groupek antolatu du txapelketa Gipuzkoako Motoklub-aren laguntzarekin. Horrela Hipodromoak garai bateko gidari aitzindariak jasoko ditu 70 eta 80ko hamarkadetako motoen gainean.

70. hamarkadan, motokrosak Gipuzkoan jarraitzaile asko zituen eta leku ugaritan egiten ziren lasterketak: Xoxoka, Legazpi, Pasaia, Donostiako leku ezberdinetan… Mikel Huarte, Alfredo Valiente, Avelino Aguirre edo Juanito Etxaide bezalako gidariak famatu egin ziren lasterketa hauetan. Zaletasuna bultzatzeko asmotan,  igandean guzti hauek motorraren gainean jarriko dira hipodromoan egingo den saioan.

Freestyle erakustaldiak

Motokros Klasikoaz gain,  Freestyle erakustaldia ere izango da Pedro Moreno Espainiako txapeldunaren eta Javi Poloren eskutik eta ibilgailu (kotxe zein moto) klasikoen erakusketa ikusteko aukera ere egongo da. Kategoriak ezberdinetan lasterketak egingo dira eta bi klasifikazio egingo dira bakoitzeko: bat gidari guztiekin eta bestea 50 urte baino gehiagoko gidariekin. Lasarte-Oriako zaletuek beraz aukera izango dute lasterketa ederrez gozatzeko aukera antolatzaileek azaldu bezala.

Igandean entrenamendu askeak 9:15etatik 10:10ak bitartean egingo dira eta ondoren, entrenamendu kronometratuak 10:30etan hasita eta 11:25ak arte. Lasterketak 11:45ean hasi eta  14:35ean bukatuko dira sari banaketarekin. Tartekatuz Freestyle Motokross erakustaldiak ikusi ahal izango dituzte bertaratutakoek.