PSE-EEko Jesus Zaballos haserre Somotoren inguruan Bildu, EAJ eta LOHPko kideek egindako agerraldian "manipulazio saiakera" egozteagatik. Oharrean azaldu bezala,
Zaballosen ustetan irrigarria da esatea PSE-EE dela Somotoren inguruko informazio guztia publiko egiten duena. "Oso azkar ahazten dituzte 2005etik ezker abertzaleak, EAJk eta LOHPek gaiaren inguruan egindako prentsaurrekoak, etxeetara bidalitako foiletoak, udal bilkuretan aurkeztutako mozioak..."
PSE-EEko ordezkariak "gogoratu" nahi izan die alderdiei aurreko legegintzaldian egindako ikerketa prozesua ere beraiek ez zutela errespetatu eta sozialistak "kondenatu" zituztela ikerketa horien ondorioak eskuartean izan aurretik.
Zaballosek hitz gogorrak izan ditu Pablo Barrio alkatearentzat izan ere, "demagogia hutsa da esatea behar beste denbora hartu dela gaiaren inguruko azterketa, serio eta sakona egiteko. Alkatetza 2011ko ekainean hartu zuen eta ez zen 8 hilabete beranduago arte, 2012ko otsailean EAJk salaketa jartzeko mozioa aurkeztu zuen arte, ezer egin. Mozio horretan bi hilabeteko epea zehaztu zen salaketa hori egiteko. Bi urte pasa dira eta oraindik PSE-EEren aurkako salaketarik ez da aurkeztu. Honekin batera gonbitea luzatzen diot Pablo Barrio alkateari, publikoki esan dezan Castells abokatuarekin noiz jarri ziren harremanetan. Izan ere, honek erakusten du alderdiek gaia argitzeko denbora guzti honetan izan duten interes urria".
Castells abokatuaren lana bera zalantzan jartzen du Zaballosek "abokatu espezializatu eta esperientziaduna balitz, alkateak esaten duen bezala, gaitasuna izango zuen Udaletxeko dokumentazio guztia aztertuta delitu zantzurik dagoen edo ez ikusteko. Beti ere, beste enpresa baten lana kontratatu beharrik gabe".
Sozialistek ez dute barkamenik espero "gezurrak zabaltzeko lotsa gutxi izan dute eta ezin zaie zintzotasuna eskatu iraindutakoen errugabetasuna onar dezaten".