Azken ostiraleko elkarretaratzean Ibon eta beste gaixo larrien egoera salatu nahi izan zuten. Azaldu zutenez, "Ibonen kasuan gaixotasuna oso modu bortitzean hasi zen eta, diagnostikatua izan aurretik, gaixotasunaren erasoaldi gogorren ondorioz bi alditan gurpildun aulkian geratu da denbora tarte batez. Baina ez da diagnosia jasotzeko behar izan den denbora bakarrik luzatu, baita medikuen hitzetan berehala martxan jarri beharreko tratamendua ere".
Espetxean egoteak Ibonen osasun egoera kaltetzen duela azpimarratu zuten "ezin ditu mediku-kontsultak behar bezala izan, ezta beharrezko maiztasunarekin egin ere. Esklerosi anizkoitza duten gaixoak, gutxi gora behera sei hilabeteko maiztasunarekin ikusten ditu neurologoak. Ibonek urte bete baina gehiago pasa du berarekin egoteko aukerarik gabe. Gainera, gobernuak jartzen dien statusak, hau da, “bereziki zaindu beharreko” preso bezala izendatzeak, espetxez kanpoko kontsultetara armaturiko polizia eta funtzionarioekin eta esku nahiz hankak lotuta joatea dakar, medikuaren jarrera baldintzatuz. Ibonen kasuan, guzti honen ondorioz, bideo-konferentzia bidez egon da medikuarekin azken bi txandetan, zuzenean ikusi eta aztertzeko aukerarik gabe.
Esklerosi anizkoitzak osasun arloko profesionalen jarraipen iraunkorra exijitzen du eta espetxean ez da posible. Gainera, tratatzeko talde profesional pluridisziplinarra eta zentro espezializatuetan arreta behar da. Esklerosi anizkoitza aparatu digestiboarekin lotuta dago eta, ondorioz, elikadura egokia behar du. Hau ere espetxean ezinezkoa da. Espetxea infekzio fokua da, eta bestalde, estresa, esklerosi anizkoitzean erasoaldien eragile da eta espetxeak berak izugarrizko estres maila sortzen du".
Sinadura bilketa
2013ko martxoan, diagnosia jakinda, zigorraren suspentsio medikuaren eskaera egin zuen presoak.
Prozesuaren lehen fasean Pariseko epaileak berak izendatutako bi aditu mediku pasa dira, Ibonen egoera espetxean egotearekin bateragarria den ala ez ikusteko. Adituek azterketa egina dute eta biak ados daude bateragarria ez dela esanaz. Behin epaileak bi txostenak eskuetan izanda, Ibon kaleratu edo ez erabakiko du.
Azaldu zutenez, "zigorraren suspentsioak ez du esan nahi zigorra eten eta Ibon aske geratuko litzatekeela, baizik eta osasun arazoengatik bere tratamendua kartzelatik kanpo jarraituko luke".
Honen aurrean, zigorraren suspentsioaren eskaerarekin bat egin nahi duten herritarrek sinadura bilketa ari dira egiten.