II. Aste Musikalak bide erdia egin du

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 30a

Manuel Lekuonako auditorio nagusia musika instrumentu eta ahotsen doinuek hartu zuten ostiral, larunbat eta igandean. II. Aste Musikaleko lehen txanpa honetan abesbatza bat, kamara orkestra bat, soprano ahotsa, piano-notak eta bi akordeoi orkestra izan dituzte herritarrek gozagarri.

Ostiral ilunabarrean ireki zuten programa Ainhoa Merzero sopranoak eta Alberto Saez piano-joleak Manuel Lekuonan kultur-etxean emandako kontzertu dotore batekin.
Besteak beste, Guridi, Sorozabal, Puccini edota Merceroren obrak interpretatu zituzten atzealdean irudi esanguratsuak lagun zituztela. Kalitate handiko kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten auditoriora bertaratu ziren 70 herritarrek.
Larunbatean Kepa Martinez de Alberdi zuzendariak Arimaz Kamara Orkestra eta Santa Zezilia Abesbatza zuzendu zituen. Tolosako orkestrak Donostiako abesba-tzarekin elkarlanean, XIX. mendeko obrak interpretatu zituen bertaratu ziren ikusle askoren aurrean.
Igandean akordeoia izan zen protagonista. Illunbe orkestra donostiarrak Rossini, Chueca, Facchiano eta Marquezen obrak eskaini zituzten Jose Juan Zubillagaren gidari-tzapean.

Zero Sette eta UME
Herriko akordeoi orkestrak jarri zion II. Aste Musikaleko lehen ekinaldi honi amaiera.
Mahr, Boieldieu, Rixner eta Merceroren lau pieza jo zituzten denera J.M. Crespo zuzendari zutela. Udal Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek egin zuten bi emanaldien arteko trantsizioa.
Asteburu honetan Kalakan eta Musikene Metal Ensemble entzuteko aukera izango da.

II. Aste Musikaleko albuma:

http://txintxarri.info/galeria/584/

Bideoak:

Arimaz Orkestra eta Santa Zezilia abesbatza II. Aste Musikalean

Zero Sette Akordeoi Orkestra II. Aste Musikalean

Ainhoa Merzero sopranoa eta Alberto Saez piano-jolea - II. Aste Musikala