Ostadarreko neskek ez dute etenik. Su txikian egositakoa mahai gainera ateratzen ari dira denboraldi honetan. Eta badirudi ezin aseturik dabiltzala. Horren erakusgarri da kadeteen errendimendu mailan aurtengo denboraldian ez dutela alerik galdu.
Hemezortzi partida jokatu eta guztiak irabazi dituzte. Balentria handia egiten ari dira Itziar Bermudez eta Ander Otaegiren neskak.
Etxean eroso
Soraluze Bergararen aurkako neurketan etxekoak nagusitu dira hasi eta buka. Beraiek markatu dute neurketaren erritmoa eta nahieran aritu direla esan daiteke.
Lehen zatia orekatuxeagoa izan da. Bigarrena aldiz, Ostadarren erakustaldia. Hirugarren laurdenean txakalaldi txiki bat izan duten arren, azken hiru minutuetan 12-0eko partziala sartu diete herritarrek bisitariei.
Lauko finala
Denboraldi honetan izaten ari diren emaitza bikainek badute fruitua.
Apirilaren azken astebukaeran Aieten izango baitira Ostadarreko neskak Gipuzkoako talde onenekin mailaz igotzeko lehian.
Partida hau jokatu aurretik jada eskuratuta zuten txartela eta Otaegik badu fedea bere neskengan: “Gauzak ongi eginez gero txapeldun irteteko aukerak dauzkagu. Horretarako egingo dugu borrokan”.
Juniorrak sendo
Asteburuko beste partida Ostadarreko juniorrek eta SUMMA Aldapetaren artekoa izan da. Endika Marrahi herriko prestatzaileak azaldutakoaren arabera neurketa “berdinduta” hasi da, defentsa jokoan bi taldeak sendo arituta. “Azken laurdenean egin dugu ihes, ordura arte gogotik egin behar izan dugu lan eta zelai osoan presioa eginez beste garaipen bat zakuratu dugu”.
Sailkapeneko goiko postuetan indartzeko baliogarri zaie gaurko garaipena.