Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak Bizipoza ikuskizuna eskainiko du Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean eta beraiekin herriko Jalguneko lagunak izango dira.
Maiatzean, 25 urte beteko ditu herriko Xirimiri elkarteak. Urte hauetan euskara, kultura eta gizarte arloko hamaika ekimen antolatu izan ditu herrian eta beste hamaika ekimenetan parte hartu du beste elkarteekin elkarlanenean ere.
Aurten ospakizun urtea da eta ospakizun gehienak maiatzean burutuko badira ere, apirilaren 26ean, larunbata, egitarauaren txupinazoa botako dute herriko pailazoek. Manuel Lekuona kultur Etxean Bizipoza ikuskizunaren bi aurkezpen egingo dira, 16:30ean eta 19:00etan.
Saioetan pailazoez gain, Jalgune elkarteko lagunek parte hartuko dute hainbat dantzatan. Tartean, Pausoka-Pausoka kanta eta dantza, Patxi Bernaras musikari lasarteoriatarrak Jalgunerentzat konposaturiko abestia. Abesti hau Bizipoza diskoan jaso dute pailazoek eta bere emanaldi guztietan ari dira eskaintzen arrakasta handiarekin.
Abenduan Kursaalean 3.600 pertsonen aurrean eta martxoan Victoria Eugenia antzokian bideoa grabatzen aritu dira Jalguneko kideak pailazoekin Bizipoza eskainiz. Orain Lasarte-Orian eskainiko dute haien alaitasuna bertaratzen diren guztiekin partekatzeko.
Sarrerak 7 eurotan daude salgai dagoeneko Lasarte-Oriako Jalgi Kafe Antzokian eta Urruzola mertzerian.