Ikasleak greban

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 27a

Lasarte-Usurbil Institutuan eta Landaberri BHIn erabateko jarraipena izan du greba deialdiak. Ikasleek egun osoan zehar euren aldarrikapenak ezagutzera emateko ekintzak egingo dituzte herrian. 12:00etan Okendon kontzentrazioa egin dute eta 19:00etan.

Ikasle Abertzaleak deitutako mobilizazio egun honetan, LOMCE-ren aurkako jarrera sendoa erakustea zuten helburu ikasle eta atxikipena azaldutako hainbat eragilek. Lasarte-Orian ikasleek azaldu bezala, “Hezkuntza erreforma honek, bestak beste, euskara hirugarren mailako hizkuntza bezala kontsideratzen du, txikitatik azterketa eta emaitzen bidez gazteen etorkizuna bideratzen du, eskoletan sexu banaketa egotea bermatzen du besteak beste”.

Lasarte-Usurbil institutuan 9ak aldera egin dute bozketa eta erabateko jarraipena izan du greba deialdiak. Landaberi BHI-n berriz, 10:30ean egin da deialdiarekin bat egin edo ez erabakitzeko bozketa eta 115 ikasleen artean, gehiengoak babestu du greba.

LOMCE eta gainontzeko erreformak gaitzesteko herrian zehar euren aldarriak zabaldu nahi izan dituzte, Okendon 12:00etan kontzentrazioa egin dute eta bertan bazkaltzen geratu dira hainbat gazte. Arratsalde osoan zehar plazan egon dira.

Era berean, erreforma guzti hauei aurre egitea guztiei, ikasle, irakasle eta gurasoei dagokiela gogoratu nahi izan dute eta guztiei greba eguneko ekintzetan parte hartzeko gonbita egin diete goizetik.

Manifestazioa

Arratsaldean eskualde mailako manifestazioa egin dute ikasleek herriko kaleetan barrena "LOMCE, EU2015 eta Heziberri ez! Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat" lemapean. Erdiguneko ohiko kaleetatik igaro da manifestazioa eta ikasleek hainbat herritarren babesa izan dute ibilbide osoan zehar. Okendon bukatutzat eman dute ikasleek gaurko greba eguna, bertan bi ikaslek gaurko aldarriak irakurri eta pnakarta bat zintzilikatu dute oholtzan bertaratutakoen txaloen artean. Lege hauei aurre egiteko lanean jarraitzeko asmoa ere adierazi dute.