“Hauteskundeetan gure aurka erabiltzeko tresna gisa nahi dute Somoto”

maider-azurmendi 2014ko martxoaren 25a

Jesus Zaballosek eguerdian egindako agerraldian “behingoz” Somotora bideratutako diru laguntzen afera ixtea eskatu du. PSE-EEko ordezkariak agerraldi luzea egin du 2005etik bere alderdiak pairatu dituen akusazioekin bukatzeko garaia dela adierazteko. Bere esanetan, Bildu, EAJ eta LOHP-k eskatutako azken auditoriaren arabera, ez dago ilegaltasun zantzurik.

Jesus Zaballosen esanetan aurkeztu berri zaie Bildu, EAJ eta LOHP-ek Somotoko diru laguntzetan irregulartasunak egon ziren edo ez aztertzeko eskatutako auditoria eta honen arabera, ez dago delitu zantzurik edo irregulartasunik. Hala ere, Miguel Castelles abokatuari pasako zaio auditoria hau eta berak erabakiko omen du afera epaitegietara eraman daitekeen edo ez.

Zaballosek azken urte hauetako prozesua azaldu nahi izan du. Ezker Batua eta Plataformak bere garaian jarritako salaketa artxibatu egin zela gogoratu du, "Fiskaltzak udaleko teknikariei eskatutako informazioa aztertu ondoren". Jesus Zaballosen iritziz, salaketa alderdiek erabili nahi izan zuten PSE-EE Lasarte-Oriako alkatetzatik botatzeko helburuarekin eta “lortu zuten nahiz eta, herritarren bozek PSE-EE hautatu”.

Berak alkatetza izan zuen garaian “kooperazio laguntzetan irregulartasunak egon ziren aztertzeko, udaletxean hainbat txosten landu ziren kooperazio proiektuen inguruan; Deloitte enpresari auditoria bat egiteko eskatu zitzaion, 2007an herri kontuen euskal epaitegiak 2004ko fiskalizazioa aztertuta, ondorioztatu zuen ez zegoela kontabilitate edo legalitate arazorik eta azkenik, udalean ikerketa komisioa martxan jarri zen diru laguntza hauek behar bezala kudeatu ziren argitzeko. Neurri hauek oposizioarentzat ez ziren nahikoak izan eta euren salaketekin jarraitu zuten”.

PSE-EErentzat Bildu, EAJ eta LOHP alderdiek inoiz ez dute afera argitzeko asmorik izan. “Hauteskundeetan gure aurka erabiltzeko tresna gisa mantendu nahi dute Somotoko gaia”.

Salaketa

2012an EAJk mozio bidez aurkeztu zuen abokatu talde bat kontratatzeko eskaera. “Onartu egin zuten eta oraindik ez da salaketa hori gauzatu. Jakin badakigu, abokatu ezberdinek aztertu dutela gaia eta ezer ez egitea erabaki dutela”. PSE-EEko ordezkariak esan du dena argitzeko lehen interesatuak beraiek, bere taldea dela.

Azken urte hauetan ohiko udalbatzarretan gaiaren inguruan “behin eta berriro” galdetuta erantzun argirik ez dutela izan salatu du ere Zaballosek. Azken berrien arabera, Miguel Castells abokatuak aztertu zuen gaia eta honek auditoria bat egin eta ostean, berriz ere gaia hartzeko prest azaldu zen. “Lehenengo kontsulta hori herritarrei 1.815 euro kostatu zitzaigun”.  Bildu, EAJ eta LOHPek auditoria egitea onartu zuten eta  dagoeneko bukatu dela azaldu zieten gainontzeko alderdiei atzo.

“Auditoria honek 21.547,68 euroko kostua izan du eta azaldutakoaren arabera, udaleko ikerketa komisioak ondorioztatutakoarekin bat egin du puntu guztietan”. Bere garaian PSE-EEk onartu zituen akatsak agertu dira, hau da, diru laguntzak eman zirela izaera juridikorik gabeko elkarteei. Hala ere, auditoria hau Castells abokatuari bideratuko zaio orain Zaballosek jakitera eman duenez, delitu zantzurik aurkitzen duen ikusteko.

PSE-EErentzat Bildu, EAJ eta LOHPek ez dute afera bukatutzat eman nahi hauteskundeei begira komeni ez zaielako. “Gure irudia nork garbituko du? nork eskatuko dio barkamena talde sozialistari urte guzti hauetan leporatutako guztiaz?”.