Martxoaren 27an, osteguna, Lasarte-Oriako ikasleak LOMCE legearen aurka greba egitera deitu ditu Ikasle Abertzaleak-ek. IA-k salatu du Hezkuntza erreforma honek, bestak beste, euskara hirugarren mailako hizkuntzatzat hartzen duela, Espainiar konstituzioa nahita nahiez inposatzen duela, azterketa eta emaitzen bidez gazteen etorkizuna baldintzatu nahi duela edota eskoletan sexu banaketa egotea bideratzen duela. Horren harira, ostiralean gazte talde batek doluzko “Martxa Beltza” egin zuen udaletxe parean lege hau gaitzetsi eta honi aurkakotasuna agertuz.
Lasarte-Oriako Ikasle Abertzaleak taldeak honakoa luzatu du greba dela eta:
"Euskal Herriak bere hezkuntza
Azken mendeotan ukatu egin zaigu herritarroi geure hezkuntza sortu ahal izatea. Are gehiago hezkuntza beraren zentzua lausotu egin da urteen poderioz. Bere garaian, hezkuntza, ohitura, kondaira eta balioak (elkartasuna, hizkuntza, herri jakintza, errespetua…) belaunaldiz-belaunaldi transmititzean oinarritzen zen, ikasiz hazi hezi eta bizitzeko. Eliteek lapurtu zuten ordea eskubide hori pribilejio bilakatuz; eta gaur egun ere, hezkuntzaren indarraz jabeturik, euren mesedetarako baliatzen dute; sistema bera justifikatzeko balioak haurdanik sustraizeko. Honetaz gain, ezin dugu ahaztu, euskalherritarroi, ukatu egin zaigula geure hizkuntza, historia, ohiturak ikastea, Frantziar zein Espainiar estatuek inposatu baitigute ikasi beharrekoa.
Azken urteetako eraso gogorrena datorkigu ordea. Wert ministroak Espainiar gobernuan dagoen PPren hegemonia baliatuaz, ikasleon eskubideak guztiz urratzen dituen LOMCE legea atera baitu argira eta, aurkakotasun guztien gainetik, datorren ikasturtean jarriko dute abian. Azkeanaldian askotan entzun ditugun arren, ez daude soberan lege honek ekarriko dituen aldaketak berriz ere aipatzea; izan ere, hezkidetza, euskalduntze eta hezkuntza partehartzaile baten bidean atzera pauso ikaragarria izango diren hainbat neurri ezartzen dira; hala nola, euskara hirugarren mailako hizkuntza bilakatzea, zentruko zuzendaritza Madrilgo gobernutik ezartzea, neska eta mutilen arteko bereizketa erabat sexistak egiten dituzten eskolak diru publikoz finantzatzea, Espainiar konstituzioa ikasi behar izatea eta 5. Mailatik aurrera Errebalidak izeneko azterketa estataletara aurkeztu behar izatea; ikaslearen garapena erabat baldintzatuz eta indibidualtasuna bultzatuz. Bestalde, ezin dugu ahantzi eredu erabat merkantilista dela (horren adibide dira DBHko “Enpresagintzara Sarrera” gaia, eta Lanbide Heziketa bera ere aldatu egingo dela, enpresen mesederako).
Erasoa ordea, ez da bertan geratzen, Europar Batasunak izan ere, Bologna planarekin nahiko ez eta EU2015 lehenik eta ondoren EU2020 erreformekin, Unibertsitateetan ikasteko aukera pribilegiatuen esku utzi nahi baitu; eredu erabat klasista bultzatuaz. Hezkuntzaren bidez, oinarri neoliberalak gizartean are gehiago sartu nahi dituzte. Herri desberdinen arteko aniztasuna kontuan hartu gabe, Europa osoan inposatua izango den Unibertsitate eredu bat ezarriko da, enpresa, transnazional eta banku handienek sekulako esku hartzea izango dutelarik (adibide adierazgarria da bekek bankuen izenak eraman ahal izango dituztela).
Dena den, geurean ere, badugu zer borrokatu. Edurne Uriartek ozen egin dio aurre LOMCEri, xuxurlaka inposatu nahi digu ordea EAJk HEZIBERRI plana. Euskal curriculumaren aitzakipean, eurek duten eredu kapitalista patriarkala ezarri nahi baitute.
Guk ez dugu eliteek euren mesedeetan erabiliko duten hezkuntza eredurik onartuko. Guk, sormena, irudimena,partehartzea , harremantzea erabiliaz, hezkuntza euskaldun, herritar eta parekidea osatu nahi dugu. Euskal herriak bere hezkuntza behar duelakoan gaudelako. Pedagogia berritzailean sinesten dugulako. Hazi, hezi eta bizi egin nahi dugulako.
Bidean goaz, pausuka pausuka, oztopoak gainditu eta aurrera egingo dugu eta, bertan, hurrengo urratsa, MARTXOAK 27koa izango da.
Ikasle Iraultza abian da. ZORROZTU ARKATZAK ETA ALTXA! Kontzentrazioa Okendon 12:00etan izango da eta Manifestazioa 19:00etan plazatik."