Ibili, erori eta altxatzearen legea gertutik ezagutzen du. Bihotza, burua eta kemenarekin nahi den lekura iritsi daitekeenaren adibide da Itoitz Rodriguez. Martxoaren 9a izan zen egun handia, lekua Valentzia.
Lasterketaren bideoa: http://www.youtube.com/watch?v=GYIK9cMu53c
Zenbat lan dago urrezko domina honen atzean?
Urte asko izan dira gogor entrenatzen. Hasiera batean bakarrik egindako lana eta orain Gaizka Ormazabal eta Jon Altunarekin entrenatuta.
Egun gogorrak egon dira, zailak. Inoiz ez dut uztea pentsatu, baina frustrazio handiak bizi izan ditut. Oviedo edo Castelloneko Espainiako txapelketan esaterako, gauzak ez zitzaizkigunean atera. Urte osoko lana pikutara joaten ikusi izan dut instant batean. Baina altxatu egin behar da, entrenatzen jarraitu eta gauzak iristen direla ikusi dut.
Erori zinen, altxa eta irabazi. Sekula etsi behar ez denaren eredu zara.
Bai, nik uste dut baietz. Inoiz ez dut etsi, beti jarraitu dut nire ilusioak betetzeko borrokan. Eskuetatik ihes egiten ikusi nuena azkenean iritsi zait. Ametsa bete dut.
Kontaiguzu Valentziako egonaldia pixka bat, nola izan zen? Finalaurrekoak larunbatean, finala igandean… Tripa-jate handia izaten da ezta? Batez ere faborito nagusietakoa zarenean…
Ia guztiz argi neukan txapelketa biren arteko gauza izango zela. Jesus Serranok 48,74ko marka zuen, baina aire librean egindako denbora zen. Pista estaiko marka onena nik neraman (49,11). Gainontzekoak atzetik, segundo batera geneuzkan.
Semifinaletan urduri nengoen, presio handia baita faboritoetako bat zarenean finalaurrekoetan kalean gelditzea. Egia esan serie nahiko erreza tokatu zitzaidan, lasai irten eta nire markatik urrun ibili nintzen, baina lortutako lehen postuarengatik finalera zuzenean pasa nintzen.
Eta finalean hustera.
Finalean hasieratik topera irten nintzen. Lehenengo hasi eta ahal izanez gero lehengo bukatzea zen asmoa. Nire marka pertsonala egitera joan nintzen, eta niri irabazteko oso marka ona egin beharko zutela argi geneukan.
Eta begira, 48,99ko marka puska, urrezko domina, Euskadiko Errekorra eta zure kategorian Espainiako all-time denboretan bosgarrena egin zenuen. Handia da hori.
Ilusio handia egiten dute errekorrek. Ez nuen espero. Pentsa, aurtengo helburua 50 segundutik jaistea zen eta begira, sub 49 naiz.
Zeini eskaini nahiko zenioke domina hau?
Lehenengo nire buruari. Azkenean irabazi dudalako domina hainbeste lan egin eta gero. Nola ez, eskerrak familiari, Oscar eta Amaia entrenatzaileei eta taldekide eta lagun guztiei. Beraien babesik gabe halakorik ez nuke lortuko.
Arantza atera duzu beraz, Aurreko Espainiako txapelketetan gertatu zitzaizuna eta gero… Kontatu herritarrei zer gertatu zitzaizun.
Oviedon 600 metroetan marka onenarekin iritsi nintzen kadete mailan, baina nire lehenengo Espainiakoa zenez esperientzia falta ordaindu nuen. Bultzatu egin ninduten, halako txapelketetan normala denez eta bosgarren amaitu nuen azkenean. Baina ikasi egiten da horrela. Castellonen berdin, marka ona nuen 300eko proban, baina hankek huts egin zidaten. Lehen postuan helmugara iristen ari nintzela lurrera erori nintzen.
"Egun gogorrak egon dira, zailak. Inoiz ez dut uztea pentsatu, baina frustrazio handiak bizi izan ditut. Urte osoko lana pikutara joaten ikusi izan dut instant batean"
Orain, udaberrian, aire libreko denboraldia hasiko duzue, zein dira zure erronka nagusiak?
Aire librean erronka nagusia Azerbaijanera, Bakura (Gazteen Olinpiadetarako sailkapen proba europearrera) joateko gutxieneko marka egitea da. Gertu nago, bederatzi ehuneneko jaitsi behar ditut 48,90 egiteko. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean izango litzateke txapelketa. Bertan hartu nahi dut nire gorputzaldi onena.
Nola definituko zenuke 400 metroetan sentitu eta sufritzen dena?
Luze egiten da, baina lasterketa polita da. Azkarra, baina erresistentzia eskatzen duena. Arnasa ondo konpasatuta eraman behar da eta hankak nekatuta dituzula korrika egiten ere jakin egin behar da.
Etorkizunera begira, jende askok ikusten zaitu iraupen erdiko probetan… Aukera hori mahai gainean dago? Noiz eta nola eman dezakezu 800 metroetarako saltoa? Sebastian Coe atleta britainiar historikoarekin ere alderatu zaituzte alajaina!
Bai gerta daiteke. Ni oraingoz 400en gustura nago. 800 metroetarako gaitasuna dudala esaten badidate zerbaitengatik da, ez dit edozeinek esaten gainera, atletismo munduan Espainia mailan esperientzia handia duen jendeak baizik. Agian promesa mailan, hemendik urte batzuetara, baina ez dakit, Oscar eta biok erabakiko dugu.
Txapelketen aurretik motibatzeko ze teknika erabiltzen dituzu?
Normalen deskonektatu egiten dut. Lagunekin beste edozer gauzaz hitz egin eta musikak ere asko laguntzen dit, karrera aurreko momentuetan eta baita aurreko gauean ere.
Izatez lasaia eta zure buruarekin segurtasun handia duen atleta zarela dirudi. Hala da hori edo katamaloa besterik ez da?
Ni oso urduria naiz izatez, baina esperientziarekin ikasten duzu zure burua lasaitzen. Jendearen aurrean trankil nagoela erakusten saiatzen naiz, Amaia Andresen teknika da hori, besteen aurrean seguru agertzea. Oro har, psikologikoki ongi prestatuta nagoela uste dut.
"Ona dena eta gaitasuna duena pista txarrean, onean edo modulu batean entrenatuta ere ona da"
Non aurkitzen duzu egunero-egunero entrenatzera joateko motibazioa?
Zaila da motibazioa aurkitzea agian. Baina behin aurkituta, izugarrizko gogoarekin joaten naiz entrenatzera. Zerbait gustatzen bazaizu beti saiatzen zara ahalik eta ondoen egiten.
Ze entrenamendu mota duzu gogokoen?
Serieak, edozein atletak esango dizu hori. Aurre-denboraldian egiten diren 500 metrokoak garrantzitsuak dira. Xisko eginda bukatzen duzu, baina erresistentzia ematen dizute. Aurten gutxi egin ditugu ordea… Gehiago zentratu naiz serie motzetan, 300 metrokoetan esaterako. Gustukoena? 300 metroko bi dena ematera, horrek isladatzen duelako gero txapelketetan emango duzun nibela. Test moduan hartzen ditut, horrek erakusten dit 400 batean zer egingo dudan gutxi gorabehera.
LOKE klub txikia izanagatik, emaitzak bikainak dira Oscar Goikoetxearen aginduetara. Zazpi jubenil zarete taldean eta seik egin duzue Espainiako txapelketarako gutxieneko marka. Handia da hori. Sekreturik?
Nik uste meritu guztia Oscarrek duela. Bakoitzak bere gaitasunak ditu, bere nibela eta meritua, baina entrenatzaileak oso paper garrantzitsua du. Zazpi atletetatik Espainiakora sei eramatea ez du edozeinek lortzen. Lan bikaina egin du. Bai besteen kasuan zein nirean, zati handi bat berea da. Bera da prestatzen nauena, nik korrika besterik ez dut egiten.
Dena den, babesle aldetik eta ekonomikoki larri dabilen taldea da.
Donostiako Rekalde taberna da gaur egun gure patrozinatzaile nagusia. Nik animatuko nuke jendea gure taldea babestera. Herriko jendea batez ere. Izan ere herriaren izena ari gara Espainia mailan zabaltzen. Ez gara asko baina maila onean ibiltzen gara denok eta laguntza ekonomiko bat oso ongi etorriko litzaiguke aurrera jarraitzeko.
Atletismo pista berria behar du Lasarte-Oriak?
Nik uste dut baietz. Baina ez dira garai onak gauza hauei buruz hitz egiteko. Ulertzen dut ez egitea, momentu hauetan beste lehentasun garrantzitsuago batzuk badaudelako gizartean.
Ona dena eta gaitasuna duena pista txarrean, onean edo modulu batean entrenatuta ere ona da. Baina pista borobil bat beharko genuke, egia da, batez ere serieak egiteko.
Futbolak behar zuenean egin zen zelaiaren eraberritzea eta ongi iruditzen zait, beharrezkoa. Gainera errugbian jokatzeko ere moldatu zuten. Baina atletismoak ere behar duela uste dut are emaitza hobeak izan ditzagun.
Izan ere, kanpora joan behar izaten duzue entrenamendu espezifikoak egitera...
Bai, Hernani, Irun edo Donostiara mugitu behar izaten dugu. Donostian adibidez ordaindu egin behar da eta gastu bat da gure poltsikotik ordaintzen duguna. Michelinera sartzeko Buruntzaldeko bazkide izateaz gain jakina.
Batxilerra egiten ari zara. Etorkizunean zer ikasteko asmoa duzu?
Kirolarekin zerikusia duen ikasketaren bat. Atletismoaz ez naiz biziko, oso argi daukat. Hori bai, atletismoa erabili dezaket ikasketetan laguntzeko. Soinketako irakasle izateko edo IVEF ikasi nahiko nuke esaterako.
Atletismoak zenbat du burutik eta entrenamendutik eta zenbat berezko gaitasunetik?
Gaitasuna eduki behar da, genetikoki ona izan behar duzu. Baina ona izanda ez baduzu lan egiten eta ez bazaude psikologikoki prestatuta ez zara ezertara iristen. Alegia, gaitasuna bai, baina entrenatu ere asko entrenatu behar dela. Psikologikoki oso ongi prestatuta egon behar duzu, edozeinek ezin du jasan ona izatearen presioa eta batez ere jendeak jartzen dion presioa.
Presioa jasatea ez da erraza izango ez…
Presioa jendeak esaten duenagatik izan ohi da. Baina benetan, nik behintzat presioa ez dut inondik sumatu. Ez entrenatzaile, familia… Inoren aldetik. Denek animatu bakarrik egiten naute. Ni ez naiz sekula presionatuta sentitu irabazi edo marka jakin bat egiteko. Helburuak jarri bai, jartzen ditugu, baina ez naiz larritzen gauzak ez badira ateratzen. Halakoetan triste jartzen naiz, baina beti aurrera jarraitu beharra dagoela sinesten duen horietakoa naiz.