Hamahiru urte ETAk Froilan Elespe hil zuela

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 22a

Omenaldi xumea egin diote Froilan Elesperi familiak eta Gipuzkoa osotik etorritako PSE-EEko militanteek gaur eguerdian Lasarte-Oriako hilerrian. Haren lanak eta memoriak bizirik dirautela gogoratzeko elkartu dira hainbat lasarteoriatar eta sozialista ezagun.

Alboan izan ditu omenaldi osoan Tomasi Pelaez alargunak Josu eta Andoni semeak. Gainera, Gipuzkoa mailako politikari sozialistak eta hainbat herritar ere hurbildu dira hilerrira. Besteak beste, bertan izan dira Jesus Zaballos eta Ana Urchueguia alkate ohiak, Jesus Egiguren, Denis Itxaso, Miguel Buen eta Iñaki Arriola. 

Azken honek hartu du hitza komunikabideen aurrean: “Sozialistok, eta baita Froilanek ere, herri honetan bakea, askatasuna eta demokrazia lortzeko lan egin izan dugu beti. Horrexegatik hil zuen ETAk doilorki, bokazioz lan egiteagatik. Garaiak aldatu dira, hobeto gaude, baina hiltzaileei ez diegu ezer zor“.

Alor pertsonalean gizon “langile eta apal” gisan gogoratzen duela nabarmendu du Arriolak eta Elespek jaso dezakeen "omenaldirik onena" datorren urtean berriro ere Lasarte-Oriak alkate sozialista bat edukitzea litzatekeela adierazi du.

Ekitaldia amaitzeko Internazionala ereserkia abestu dute bildutakoek larrosa gorriz apainduta zegoen Froilan Elesperen hilobiaren aurrean.

II. Froilan Elespe saria

Iaz Jesus Egigurenek jaso zuen lehenengo aldiz Lasarte-Oriako PSE-EEren eta Elespe zenaren familiaren errekonozimendua bakegintzaren alde lan egiteagatik. 

Aurtengoan LOKEri ematea erabaki dute. “Klubarentzat, modalitate eta kirol guztietan aritzen diren entrenatzaileentzat eta kirolari guztientzat da oroigarri hau, 25 urte baino gehiagotan herriaren alde eginiko lan guztiagatik”, adierazi du Jesus Zaballosek.

Amaia Andres LOKEko presidenteak hunkituta jaso zuen Froilan Elespe saria: “Oso eskertuta gaude, alor instituzionaletik beti eduki izan dugu zuen bultzada eta babes osoa; estatu mailako Milia antolatu genuenean esaterako. Lanean jarraitzeko indarra ematen digu sari honek”.

 Aipatu behar da, herriko EHBilduk oharra zabaldu zuela urteurren honen harira.