Islada Ezkutatuak taldea Lasarte-Oriako Udala eta Foru Aldundiaren laguntzaz, oroimen historikoa bildu eta argitara ateratzeko lanean ari da. Hainbat atal jorratzen ditu eta horietako bat arkitektura aztarnen bilaketa da. Horregatik, testigantzei esker, Andatza mendi inguruan, Zubieta aldean, 120 metroko lubakia aurkitu eta bertan garbiketa lanak egin dituzte.
Mailu Arruti taldeko kideak azaldu duenez, Usurbilgo herritarrek aurkitutako lubakia da. Bertan Gerra Zibileko armamentua, esku granada eta beste hainbat objektu aurkitu ditu taldeak.
Islada Ezkutatuak taldeko kideak aipatu duenez, aurkezpena egin behar izan dute esku granada baten aurkikuntza dela eta. Ertzaintzak atzo lehertu zuela jakitera eman dute eta bertan beste batzuk aurkitu daitezkeela ere ohartarazi dute.
Gertakariak zehazteko
Joxe Agustin Muguruza taldeko kideak azaldu duenez, sorpresa handia izan da lubakia eta 1936 urteko aztarna hauek aurkitzea.
Orain lanean jarraituko dute bertan gertutako zehazteko, ahozko informazioa, garaiko prentsa, artxiboak, bibliografiak eta aurkitutako gauzak aztertuko dituzte.
Lubakia lehenengo lerroko postua ez zela ere aipatu du, “tanteokoa izan zitekeen edo zaintza posizio bat”.
Hala ere, aurkitutako aztarnen arabera, lubakian hainbat jende ibili zela baieztatu dezakete eta eremua aztertuz gero gauza gehiago ere aurki ditzaketela.
Horregatik, herritarrei eskaera bat egin diete taldeko kideek, ingurura ez hurbiltzea “arriskutsua izan daitekeelako”.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Fernando Iturralde Zubieta herri-batzordeko kideak, eskerrak eman dizkiote taldeari egindako lanagatik. Era berean, lanean jarraitzera gonbidatu eta oroimen historikoa berreskuratzea garrantzitsua dela azpimarratu dute biek.
Honetaz gain, Islada Ezkutatuak taldeko kideek Gerra Zibileko edo garaiko testigantzak dituzten herritarrei haiekin harremanetan jartzeko gonbita egin dute. Agerraldi osoa hemen ikusgai.