Iazko arrakasta ikusirik, Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi elkarteak Lore eta Landareen II. azoka antolatuko dute martxoaren 29an, larunbatean.
Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Merkataritza saileko burua Gorka Lizarraga, Behemendi elkarteko Ainhoa Amundarain eta Urtinea lorategiko Bixen Odriozolak aurkeztu dute ekimena.
Loreak, landareak eta zuhaixkek Okendo plaza hartuko dute martxoaren 29an, goizeko 9:00etatik 14:00etara.
Hamar saltoki izango dira aurten plazan eta berrikuntzen artean, baratzarako ekoizpen ekologikoko landareak eta kosmetika eta sendagai naturalak egiten dituen postu bat ere izango dela azpimarratu du Behemendiko ordezkariak.
Gurasoak landareak ikusten ari diren bitartean, haurrei zuzendutako tailer eta jokoak ere izango dira.
Behemendik eta Udalak lehenengo sektoreko ekoizleen lana ezagutzera emateaz gain, herritarren aisia eta ekonomia sustatzea dute helburu. Horretarako azoka berezi hauek antolatzen dituzte. Gorka Lizarragak gogoratu duenez, "herrian giroa sortu eta herritarrek bertan erosketak egitea sustatu nahi dugu".
Azoka berezi honetako antolatzaileek eta Urtinea lorategiko lagunek herritarrak eta inguruko herrietako jendea gonbidatzen dituzte martxoaren 29a, goizeko 9:00etatik 14:00etara Lasarte-Oriara hurbildu eta lore eta landareetaz gozatu eta erostera. "Udaberria iritsi da eta balkoiak apaintzeko garaia da," aipatu du Urtineako kideak.