BAIk Aldundiak Zubietan izan ditzakeen asmoak zalantzan jarri ditu

maider-azurmendi 2014ko mar. 21a, 13:24

BAI plataformako kideek egindako agerraldian Aldundiak Zubietan eraiki asmo duen zabortegiarekin kritiko azaldu da "Zabortegirik ez hemen ez inon" izeneko manifestuan. Gai honen inguruan Manuel Lekuonan hitzaldia antolatu dute asteazkenean 19:00etan eta honetan Jose Mari Puldain, Natxo Izeta, Luismari Ormaetxea eta Patxi Amantegi izango dira hizlari.

BAI plataformaren agerraldian Estitxu Alkortak "atzo eta gaurko zinegotzi nazionalistak" batzen dituen talde honen helburuak labur gogorarazi nahi izan ditu. Horietako bat da lidergo koperatiboa eta honen baitan, zaborren kudeaketa sartzen dela azaldu du.

Horrela Juan Mari Alkortak gazteleraz irakurri du taldeak prestatu duen manifestua eta euskaraz Jexux Artetxek.

Honetan jasotzen da Lapatx, Sasieta eta Urtetako hiru zabortegiak ixteko Aldundiak "Bilduren gehiengoa duen Hondakinen kontsortzioak halere beste plan alternatibo bat inposatu nahi du Batzar Nagusietara eraman gabe". Manifestuaren arabera, Bilduk Zubietan erraustegia izan ezik, konposta planta eta hondakinen tratamendurako beste hainbat azpiegitura eraikitzeko asmoa du baina horretaz gain, "zaborra "enpaketatuta" eramango luketen zabortegien bila dabil. Mota honetako zabortegiak betiko zabortegiak baino okerragoak dira izan ere, enpaketatuta eramango duten plastiko kalitate izugarri bat jasan behar baitute. Akuiferoak eta lurra kutsatzen duten gas kutsatzaileak eta lixibatzaileak botatzen dituzte eta kiratsa, zarata eta ingurugiroko poluzioa dariote. Gainera, behin zabortegia itxita eta gainazala "berrituta", lurrazpiko aktibitate kimikoak ehundaka urtez jarraitu dezake".

BAIk azpimarratu nahi izan du "oraindik ez dute esan non lurperatu nahi dituzten "hondakin bala" horiek, (..) Baina beldur gara Zubietako zelaigunean edo inguruan dagoen tokiren bat izatea aukeratutako kokagunea, garraio kostuak merketzeagatik besterik ez baldin bada."

Gaiaz hitz egin behar dela dio plataformak eta horretarako hain zuzen hitzaldia antolatu du asteazkenean Manuel Lekuonan 19:00etan. Herritarrak honetara gerturatzea animatu nahi izan dituzte.