Ana Prieto LOHP-ko zinegotzia da Lanak eta Zerbitzu Publikoen burua. Jakitun da herriko kale, parke asko ez daudela egoera onenean baina bizi dugun egoera ekonomikoak baldintzatzen ditu inbertsioak. Besteak beste, bere sailean garai bateko kudeaketa pertsonalistarekin amaitu duela dio. Sailean dauden langileen lana azpimarratu nahi izan du, izan ere, brigada nabarmen murriztu da azken urteetan eta dauden baliabideekin ahalik eta gehiena egiten saiatzen dira.
Zerbitzuetako ardura hartzerakoan zein egoera aurkitu zenuen?
Lehenengo, lan talde langilea, ona eta kolaboratzailea aurkitu nuen. Bestetik, arazo nagusia zen azken urteetan aurrekontuen diru partida gehienak udaletxe berriaren eraikuntzara bideratuak izan zirela eta oinarrizko gauzak erabat baztertuta zeudela. Inbertsioak egiteko garaian Madrildik jarritako neurriek nabarmen murriztu dute gastu eta inbertsio ahalmena ere. Adibidez, azken urteetan udaletxe berrirako altzariak erosi behar izan dira baita Atsobakar zahar egoitzarako ere. Inbertsio hauek zuzenean erabiltzaileek nabaritu dituzte ez herritarren gehiengoak.
Bestetik, brigada nabarmen murriztu dela ikusi nuen sartu eta berehala. Azken urteetan jubilatu diren langileak ezin izan dira ordezkatu.
Udalaren egoera ekonomikoa asko aldatu da azken urteetan?
Bai nabarmen eta sail guztietan eragina izan du. Ni 2007an sartu nintzen zinegotzi bezala eta orduan, 2008rako 45 milioi euroko aurrekontua onartu zen. 2014ean, 24 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten da. Diferentzia handia da. Garai batean diru sarrerak eraikuntza berriei esker sar-tzen ziren baina egun ohiko diru sarrerak soilik ditugu, zerga bidezkoak, Aldundikoak... Errealistak izan behar gara, arduraz jokatu eta dagoenarekin lan egin.
Lan egiteko modua aldatu egin duzu sailean?
Diruaren aldetik esan bezala, gastua asko kontrolatzen da. Ez da gehiago erosten badaezpada eta zerbait erosteko garaian hainbat aurrekontu eskatzen dira. Ardura hartzeko garaian konturatu nintzen ere zein modutan kudeatzen ziren azpikontratekin genituen kontratuak. FCCkoa begiratzen hasi ginenean adibidez, konturatu ginen udalak moto bat erosi zuela txakur kaken garbiketarako eta moto hori ez zegoen inon. Hortik aurrera sakonki aztertu eta neurriak hartu dira.
EULEN-ekin dagoen kontratua ere begiratu zen eta orokorrean, egiten dituzten lanen jarraipen zorrotza egiten da egun. Adibidez, iaz hitzartutako maiztasunarekin ez ziren udaletxeko kristalak garbitu eta ondorioz, aurten hainbat garbiketa burutu behar izan ditu enpresak doan. Kontratua bizi dugun egoera ekonomikora neurriratu dugu eta udaletxe berria garbitzeko ez da kontratua handitu adibidez.
Ordurarteko kontratu hauen kudeaketa pertsonalistarekin amaitu dugu. Teknikoak kanpo geratzen ziren enpresa eta udal ordezkarien arteko bileretatik eta hori niretzako oso larria zen, teknikariek dute zerbitzuen ezagutza osoa eta hauei dagokie ere mahaian egotea. Negoziazioan funtsezkoak dira.
Herriko kaleen garbiketa zerbait aldatu al da?
Garbiketari dagokionez, orokorrean, 2014ko aurrekontuetan FCCren kontratuan igoera bat aurreikusi dugu beti ere, aurrekontuak onartzen badira. Orain arte zerbitzua berdin mantentzen zen eta azken urteetan eraiki diren guneak direla eta, nabaritu egin da garbiketa zerbitzua motz geratzen dela. Proposatuko dugu astelehenetik larunbatera pertsona eta erdi gehiagoren lana gehitzea. Bestalde, duela urte batzuk kendu ziren langileen opor ordezkapenak eta orain hauek egitea eskatuko diogu enpresari. Bi neurri hauekin garbiketan hobekuntza nabaritu beharko genuke.
Beste gai bat da kartelena. Azken hitza beti alkateak dauka eta nik azaldu diot behin baino gehiagotan nire ustez kartelak jarri bai, baina behin iragartzen duten ekitaldia pasata, kendu egin behar direla. Udalbatzarrean onartu zen mozioa dela eta suposatzen dut gauzak aldatu egingo direla.
Asfaltatuaren egoeraz kexa dezente entzuten dira kalean …
Bai hala da eta jakitun gara gure errepideen egoeraz. Iaz ezin izan ziren asfaltatu lanak egin, ia 500.000 euro genituen zerbitzuen sailean eta parte handi bat Atsobakarreko altzarietan gastatu zen. Aurtengoetan, Kale Nagusia osoa, Pablo Mutiozabal, Pintore Kalea eta Juan de Garai kaleak asfaltatu egingo dira, 273.000 eurotako inbertsioa izango da eta udan egingo dira lanak.
Badakigu beste kale ba-tzuk ere gaizki daudela baina fase desberdinetan egitera behartuta gaude aurrekontua dela eta.
Merkatariek ordutegi zabalagoa eskatzen dute Manttangorrirentzat...
Bai hala da baina momentuz ez da zabalduko. Aurrerago aztertuko dugun gaia izango da. Zerbitzuaren erabilera egonkortzea bilatzen dugu. Eta horretarako albiste onak ditugu. Manttangorri lanean hasi zenean, Aldundiarekin hitz egin zen Lurraldebusean sartzeko baina suposatzen zuen inbertsioa kontutan hartuta, momentuz zerbitzua martxan jarri eta gaia aurrerago hartzea erabaki zen. Iaz martxoan, Mugi txartel bakarra sartu zen indarrean eta aurten bai 38.000 eurotako inbertsioa egingo dugu, ekipoak moldatu eta txartelak Manttangorrin ere balioa izan dezan.
Mugirekin bat egitea suposatuko du Gipuzkoako garraioaren agintaritzan sartzea eta hau alderdiek babestu beharko dute plenoan.
Egin beharrekoak eginda, espero dut herritarrak ahalik eta lasterren onuradun izatea txartel honek eskaintzen dituen deskontu eta abantailez.
Herriko haur parkeak berritu egin dira, Orian kendu... zeintzuk dira hartutako erabakiak gai honetan?
71.000 euro inbertitu nahi ditugu aurten hainbat parke hobetzeko. Lehentasuna izango da Oriakoa. Armiarma bat zegoen oso egoera txarrean eta kendu genuen ziurtasun faltagatik. Datozen hilabeteetan parke berri bat jarriko da.
Elementu solte batzuk erosi nahi dira puskatzen diren jolasak aldatu ahal izateko.
Argiteria falta ere salatu dute herritarrek gune batzuetan. Nola dago egoera?
Aurreko legegintzaldian aurrezteko hainbat zonaldetan argia itzaltzen zen gaueko hamarretan. Orain txakurren ordenantza berria lantzean, zonalde horietako batzuk kointziditzen dute eta agindua eman da hauek argiztatuta mantentzeko. Bestalde, zonalde batzuetan kablea lapurtu egin dute behin baino gehiagotan eta pixkanaka ordezkatzen joan gara. Jendeak aipatzen duen beste gunea Froilan Elespe parkea da. Lurra Usurbili erosita da baina mantenua berari dagokio. Hor ere kablea lapurtu da eta ordezkatzea esan bezala, Usurbilgo udalari dagokio. Ohiko kale-argietan LED teknologian oinarritutako aurrezpen energetikoaren aldeko apustua egin da.
Nola baloratzen duzu sailean egindako denbora hau?
Asmo asko genituen baina hainbeste murrizketekin aurkitzea, frustrazioa eragin izan dit. Kasu batzuetan zuk zeuk ikusten duzu konponketa bat egitea beharrezkoa dela baina ezin duzu, ez dago dirurik. Kexatzera datozen herritarrei ere egoera zein den azaltzen saiatzen naiz. Bestetik, Plataformaren asmoa da legegintzaldia amaitu eta 2015eko aurrekontuak onartuta utzi hasitako ekimen eta lanek bukaera edo jarraikortasuna izan dezaten.