Aladinoren mundu liluragarrian barrena

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 21a

Asteburu honetan antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Manuel Lekuona kultur-etxean. Helduek gaur antzerki amateurra ikusi ahalko dute, Emaitza taldeak "Esperando a la inglesa" antzezlana taularatuko du. Bihar berriz, haurren txanda izango da. Gorakada teatroa taldeak Aladino eta mila eta bat gauetako mundua ekarriko du Lasarte-Oriara.

Aladino, jeinua, Yafar magoa... 1001 gauetako mundua Manuel Lekuona kultur-etxera iritsiko da bihar. Lasarte-Oriako haurrek Gorakada teatroaren eskutik, Aladinoren istorioaz modu desberdinean gozatzeko aukera izango dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera. 

Gorakada teatroak Aladino ipuin klasikoaren moldaketa egin eta taularatu du. Antzerki honetan Aladino ume berekoia da eta heldu egin behar du bizitzak eskaini diezazkiokeen gauza liluragarriak merezi ahal izateko. Aukera horiek, aurkitzen duen lanpara eta barruan dagoen jenuaren bitartez magikoki lortzen saiatuko da. Aladinoren alfonbra, 1001 gauetako jauregia, Jazmin, Sultana... ezagutu eta milaka abentura biziko dituzte bihar kultur-etxeko areto nagusira hurbiltzen diren haurrek.

Aktore eta txotxongiloen lana, umorea eta magia nahasten duen antzerkia aurkezten du Gorakada teatroak. 1001 gauetako mundu liluragarrian haurrak murgiltzeko musika, mugitzen den eszenografia, hondarra, oihalak, itzal jokoak... prestatu ditu.

Ipuin magiko hau euskaraz bizi nahi duten haurrek bihar dute aukera Manuel Lekuonan. Sarrerak eskuragarri daude internet bidez, 2,70 euro edo leihatilan, 3 euro.

Antzerki amateurra
Bestalde, gaur 21:30etatik aurrera, antzerki amateurraz gozatzeko aukera berria izango da. Berako Emaitza taldeak “Esperando a la inglesa” lana eskainiko du Manuel Lekuonan. Honetan Doña Rosaren istorioa azaltzen zaigu. Betidanik bere ilusioa Pirinioetako hotel baten jabea izatea izan da. Azkenean lortu egin du eta pozez gainezka dago. Gauzak bere bidetik joateko langile gaituenak kontratatu ditu. Gaur inaugurazio eguna da eta hotela bezeroz betetzeko irrikatan dago. Gauzak korapilatuko dira eta espero ez zuen moduan bukatuko dira. Antzerki hau Lasarte-Oriako Kultura sailak hainbat elkarterekin batera antolatu duen antzerki amateur zikloaren barruan dago kokatua. Sarrera gaur 5 eurotako izango da eta Emakumeen Zentroko antzerki taldearen-tzat izango da eskuratutako dirua.