Bigarren urtez Aste Musikala antolatu du Kultura sailak herriko Danok Kide, Xumela, Zero Sette, Alboka, SuBerri eta Musika Eskolaren laguntzarekin. Boris Nogales zinegotziak azaldu bezala, iaz musika aholkulari mahai bat osatu zen herriko taldeekin eta bertan erabaki zuten Manuel Lekuonako musika programazioai indarra emateko helburuarekin, lehenengo Aste Musikala antolatzea. Elkarteko ekarpenei egitarauean Ruper Ordorikaren kontzertua gehitu zuen Kultura sailak iaz eta balorazioa oso positiboa izan zela aipatu du zinegotziak.
Bilera bat egin zen elkarteekin eta ekimenari jarraikortasuna ematea beharrezkoa ikusi zen eta horrela bigarren Aste Musikala antolatzeari ekin zitzaion. Elkarteek gainera bi asteburuetan luzatzea proposatu dute eta hala izango da, martxoaren 28, 29 eta 30ean eta apirilaren 4 eta 5ean.
Juantxi Ugarte teknikariak eman ditu egitarauaren nondik norakoak. Kontzertu guztiak Manuel Lekuonan egingo dira eta lehenengoa iaz gaixotu eta bertan behera utzi behar izan zen Ainhoa Mercerorena izango da. Martxoaren 28an, 20:00etan Mercero ahotsa eta Alberto Saez pianoan emanaldi berezia eskainiko dute proiekzio baten laguntzarekin. Martxoaren 29an 20:00etan, Arimaz Kamara orkestra eta Santa Zezilia abesbatzaren emanaldia izango da. Lehenengoa Tolosako Musika eskolako ikasle zein irakasle batzuk osatzen dute eta bi taldeek zuzendari bera eta Europako beste talde batzuetan esperientzia duna izanda, kontzertu politak eskaintzen dituztela aipatu du Juan Mari Egizabal Danok Kideko kideak. Entzuleen gustuko izango dela ere azpimarratu du Egizabalek.
Martxoaren 30ean 12:00etan, Zero Sette akordeoi orkestra eta Illumbe arituko dira eta kontzerturako sarrera zein tarte batean Musika eskolako trikitilarien doinuak entzun ahal izango dira. Apirilaren 4ean berriz, Iparraldeko Kalakan talde entzutetsua izango da Manuel Lekuonako oholtzan 22:00etan. Sarrerak Interneten 5,40 euro eta leihatilan 6,60 euro.
Asteari amaiera emango dio martxoaren 30ean 20:00etan Musikene Metal Ensemble taldeak. Kultura saileko ordezkariek herritarrei kontzertuetara gerturatzeko gonbita luzatu nahi izan diete agerraldian.