Orereta abesbatza Musika Topaketetan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 17a

Danok Kide elkarteak antolatzen duen Musika Topaketa jardunaldiek hitzordu berria dute ostiralean, 19:30ean, Ama Brigitarren komentuan oraingoan haur eta gazte abesbatzaz gozatzeko aukera izango da Orereta Abesbatzaren eskutik.

Imanol Elizasuren zuzendaritzapean abesbatzak kantu erlijiosoak eta polifonikoak eskainiko ditu bere emanaldian, hala nola,  Felix Mendelsshon-en “Laudate pueri”, Jean Philippe Rameau-ren“La nuit”zuzendariak moldauta edo Josu Elberdin “Alami” eta Junkal Guerreroren “Bi bihotz” kantuak.

Orereta Abesbatza Errenteriako Andra Mari abesbatzaren harrobia da. Jose Luis Ansorenak 1968. urtean sortua. Izen handiko abesbatza da haur eta gazte mailan eta Estatu mailan, zein nazioartean hainbat jaialdi eta txapelketetan parte hartu du. Shangaieko Expoan izan zen eta eta 2010ean Txinako Shaoxing hirian ospatu ziren Olinpiada Koraletan zilarrezko hiru domina lortu zituen. Aurten Landetako Unicef erakundearen 50. Urteurreneko ekitaldi nagusira gonbidatua izan da eta 2015. urtean Castelnaudaryko (Frantzia) haur abesbatzen jaialdian ere izango da.