Buruntzazpiko txirrindulariak etxean sendo

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 15a

Irteera puntua Usurbilgo kaxkoan zuten, handik aldapa behera Aliproxeko biribilgunera jaitsi eta pinoietako hortzak igo behar izan zituzten Kalexargo aldapa pikoa igotzeko. Azkenik industrialdetik barrena jaitsiera bihurri eta azkarrarekin helmugaraino iristen ziren. Guztira ia kilometro eta erdiko zirkuitua zen. Alebinek hiru itzuli eman behar izan dizkiote barrutiari denera lau kilometro eta erdi egiteko. Infantilek berriz zortzi itzuli 12 kilometroko ibilbidea osatzeko.

Arratsalde pasa polita egiteko aukera izan dute Usurbilen bildu diren Buruntzazpiko txirrindulari eta hauen lagun eta senideek.
Poligonoetako bihurgune hotzak utzi eta herriko kaleen berotasunean barrena beren maillot eta kulotte koloretsuak erakutsi dituzte kirolari gaztetxoek.
Denera 31 ziklista aritu dira nor baino nor infantil mailan eta 40 alebinetan. Horietatik dozena bat inguru izan dira Buruntzazpikoak eta herriko txirrindularitza osasun onean dagoela berretsi dute berriro ere.

Usurbileko emaitzak
Alebin mailan berri onak. Podiumeko koskarik gorenera Asier Pozo Buruntzazpiko ziklista igo baita. Bigarren postuan Viveros San Antoneko Oier Unanuek egin du eta hirugarren talde bereko Mikel Azkue izan da. 
Nesken mailan berriz, Nagore Lizarraga izan da azkarrena Maddi Arizmendi eta Irati Arteagaren aurretik.

Infantiletan ez da Buruntzazpiko inor podiumera igo, baina postu onak egin dituzte. Nesken mailan Ekhine Rivas Allerruko txirrindulariak irabazi du, Haizea Tizon (Irunes) eta Nahia Osaren (Viveros San Anton) aurretik.
Mutiletan berriz, Haritz Erasun eta Adrian Sorreluz Zarauztarrako txirrindulariek lehen unetik ihes egin eta elkarri erreleboak emanez pelotoiarekiko geroz eta alde handiagoa hartu dute. 
Azkenaurreko itzulian Erasunek alde egin eta bakar-bakarrik iritsi da helmugara, lehen postuan. 
Hirugarren postuan Beñat Felipe Allerruko ziklista sailkatu da.