Emakumeen nazioarteko eguna zela eta hainbat ekintza antolatu ditu herrian emakumearen zentroak. Ekintza sorta honen artean azkena gaur izango da eta "Alardearen seme-alabak" dokumentala ikusteko aukera izango da 18:30etan. Ostean, Jone Karres egileetako batekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Irungo eta Hondarribiako alardeetan emakumeen parte-hartzea aztertzen du Jone Karres eta Eneko Olasagastiren dokumentalak.
Emakumeek Irun eta Hondarribiako Alardeetan duten parte-hartzeari buruzko dokumentala; parte-hartze horrek eragindako sentimenduak eta eztabaida aztertzen ditu. Bi herrietako festak egun bat besterik ez du irauten. Egun oso bat da istorio hau kontatzeko baliatzen den egitura. Lehen zatian, Alardea hasieratik zer den jasotzen du, bere historia, eszenaratzea, egitura, ezaugarriak. Bigarren zatiak gatazkaren hasiera eta lehen urteetan, 90eko hamarkadan, izan zuen garapena kontatzen du. Hirugarren zatia, aldiz, gaur egunean kokatzen da, 2011 eta 2012 urteetan, eta festaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzen du. Euren bizipenak, sentsazioak eta pentsamoldeak azaltzen dituzten bi herrietako pertsonai desberdinen bidez egin da kontakizuna.
Bideo emanaldia irekia da eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du honetan. Zentrotik azken ekintza honetan parte hartzeko deia luzatzen dute.