Euskal Herriarentzat bide berria eraikiz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 11

Lasarte-Oriako LAB, Ernai eta Sortu eragileek “Euskal Herria bidean” hausnarketa prozesua aurkeztuko du larunbatean Villa Mirentxun egingo den Herri Batzarrean.

Ezker abertzalea osatzen duten LAB, Ernai eta Sortu alderdia elkarrekin lanean ari dira bide berri bat eraikitzeko, Euskal Bidea. Hau aurrera eramateko hausnarketa prozesu bat jarri dute abian “Euskal Herria bidean”. Larunbatean, martxoak 15, 10:00etatik aurrera Herri batzarra egingo dute Villa Mirentxun eta hausnarketa prozesua aurkezteaz gain, honetan agertzen diren kontzeptuak eztabaidatu, landu eta argituko dituzte.

Gaur eguerdian egin den agerraldian azaldu dutenez, “duela lau urte, Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpena plazaratu zuen 2010eko otsailean aurretik denbora luzez barne eztabaida prozesu bat eginda. Orain, azken urte hauen ondoren eta ezker abertzaleak eginiko bidea ikusirik, hausnarketa berri bat jarri du mahai gainean egungo estrategia argitzeko asmoz, “Euskal Herria bidean”.

Hausnarketa honekin Zutik Euskal Herria ebazpenari jarraipena eman nahi dio ezker abertzaleak. Azaldu dutenez, bide berriak gatazkaren konponbidea eta nazio eraikuntza eta eraldaketa sozial eta ekonomikorako ildoak mantendu eta hauen garapenari begira moldaketak planteatzen ditu, “Zutik Euskal Herriaren ebazpena osatu zuenetik gaur egunera bitarteko baldintzen bilakaerara egokituz eta burujabetzaren aldeko norabidearen haritik”.

Euskal Herria trantsizio batean murgildua dagoela eta, “agortutako marko ez demokratiko honetatik eskubideak guztiz errespetatuak izango dituen berri batera” pausoa eman behar dela adierazi dute. Eta honetan, Ezker Abertzaleak herriaren  aurrean, eta bereziki soberanista eta independentista guztien aurrean ardura berezia duela azpimarratu dute, “trantsizio hau burutzeko eta Euskal Estatu libreari ateak alderik alde zabaltzeko ibilbidea eskaintzea”.

Horregatik, Estatuen zain egon gabe, bide propioa erabaki eta eraikitzera doazela aipatu dute, Euskal Bidea. 

Eta bide honetan lagundu nahi duten herritarrei larunbatean, 10:00etan Villa Mirentxura hurbiltzeko deia egin diete.