Itoitz Rodriguez Espainiako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 11

LOKEko sei atleta Valentzian lehiatu ziren Espainiako jubenil txapelketan. Azpimarragarriena Itoitz Rodriguezen lana izan zen. 400 m. lasterketan Espainiako txapeldun izan zen marka ederra eginez.

Jubenil mailako Espainiako txapeldun berria dago LOKEn, Itoitz Rodriguez. Oskar Goikoetxea entrenatzaileak txapelketara joan baino lehen aitortu zuen bezala Rodriguezek aukera asko zituen domina eskuratzeko.

Finalerdian fin zegoela erakutsi zuen usurbildarrak bere lasterketan, lehenengo postua eginaz lortu zuen finalerako txartela. Finalean arerioei aurre hartu zien lasterketako lehen metroetatik eta helmugan, urtarrilean berak ezarritako Euskadiko errekorra hautsi zuen 48 sg. 99 ehuneko marka eginez.

Oskar Goikoetxea entrenatzaileak aipatu digunez, lan paregabea egin du Itoitzek txapelketan. Hala ere, urduritasuna nabaria zen “lehiaketa batzuetan zorte txarra izan dugu eta tentsioa zegoen”.

Itoitzek egindako marka oso garrantzitsua dela ere azpimarratu du, “maila honetan, Espainiako historian egin den 5. markarik onena da”.

Eta orain Bakun, Azerbaijanen izango den Gazteen olinpiadetako sailkapenean lehiatzeko gutxieneko marka lortzen saiatuko dela onartu du, “9 ehuneko bakarrik dira eta maiatzak 18ra arte du marka jaisteko”.

Beste emaitzak

LOKEko gainontzeko atletei dagozkionez, altuera probako finalean izan zen Eneritz Busto eta zazpigarren postua eskuratu zuen. 60 m. hesi-lasterketan, berriz, finalaurrekoetan lehiatu zen lasarteoriatar gaztea.

Maria Eugi ere 200 m. lasterketako finalerdietan izan zen.

Maider Rekondo eta Ane Galardik ez zuten egun ona izan eta ez ziren, hurrenez hurren, pisu jaurtiketa eta jauzi hirukoitzeko finalean sartu eta 200 m. lasterketako sailkapen saioetan kanpo geratu zen Idoia Olasagasti.