Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapel-keta lehenengoz Lasarte-Orian izango da. Manuel Lekuona kultur-etxean eta Arrieskalleta elkartean ber-tsoaz gozatzeko aukera izango dute herriko gazte, zein helduek martxoaren 14an. Eskolarteko txapelketako 34. edizioa martxoaren 7an hasiko da Zarautzen eta Maiatzaren 11n, igandean, Arrasateko Amaia antzokian amaituko da bat-bateko finalarekin.
28 ikastetxeetako 956 ikasle, 10 bertso-eskoletako taldeak, 15-18 urte arteko 34 bertsolari eta 12 bertsolari ezagun izango dira lehiaketan parte hartuko dutenak.
Aldaketak
Aurten lehengoz Gipuzkoako Bertsozale elkarteak eta Ikastolen elkarteak batera antolatu dute eta txapelketak berrikuntza ugari dakartza bai filosofian baita formatuan ere. Aldaketa nagusiena kanporaketa egun bakoitzean, hiru ekimen antolatuko direla da. Saio horien artean, gainera, bertsolari ezagunekin egingo diren saio didaktikoak daude.
Idatzizko proba
Kanporaketa bakoitza idatzizko sariketarekin hasiko da. Hau eskolei soilik zuzendutako saioa izango da. Lasarte-Orian, martxoaren 14an, herri ezberdinetako ikastetxeetako ikasleak elkartuko dira. Hain zuzen ere, Oiartzun, Donostia, Hernani, Urnieta, Donibane eta noski Lasarte-Oriako gaztetxoak Landaberri zein Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko haurrak izango dira bertsoekin duten trebetasuna erakutsiko dutenak. Bertsoak jartzeko gaia emango zaie eta denbora jakin bat izango dute bertsoa sortu eta lana aurkezteko. Saioan hautatzen diren lanak bat-bateko txapelketaren final egunean sarituko dira.
Ikasteko aukera
Jarraian, saio didaktikoa izango da. Ikasleen eta gurasoen neurrikoa izango den bertso saio bat eskainiko dute inguruko bertso-eskoletako haur eta bi bertsolari ezagunek. Lasarte-Oriako kasuan, Beasain eta Oiartzungo bertso-eskoletako gazteak Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin batera arituko dira. Amaia Agirre bertsolaria izango da gaiak jarri eta gaztetxoei ariketak proposatuko dizkiena.
Bertso afaria
Azkenik, bat-bateko txapelketaren kanporaketa izango da. 15 eta 18 urte arteko gazteek hartuko dute parte honetan. Herriko elkarte batean bertso afari formatuan egingo da bat-bateko kanporaketa saioa.
Arrieskalleta elkartean izango da Lasarte-Oriako bat-bateko kanporaketa, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Honetan Larraul, Oiartzun, Ordizia, Zaldibia, Zarautz eta Aretxabaletako gazteak lehiatuko dira. Aurkezle lanetan Amaia Agirre bertsolaria izango da. Afarirako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian eta 12 eurotako balioa dute.
Lanketa berezia
Bestalde, Eskolarteko txapel-keta dela eta, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko ahozkotasun proiektuaren arduradun den Unai Muñoak azaldu digunez, idatzizko bertsoen lanketa berezia egingo da herriko ikastetxeetako ikasleekin hilabete honetan zehar. Eta ekimen honen barruan egindako bertso-paperek saria izango dutela aurreratu du Muñoak, “bi ikastetxeetako lanak aztertuko dira eta maiatzean egin ohi den Ahozkotasun jaialdian lan onenak sarituko ditugu”.