Gertu dugu udaberria eta konturatu orduko udan ere izango gara. Gazte gehienek oporretan ederki igaro-tzea dute buruan, baina batzuk lan egiteko prest daude. Ttakun kultur elkarteak herriko gazteei aukera bat eskaini nahi die, begirale izatea.
Uztaila edo abuztuan zehar udako txokoetan herriko gaztetxoekin primeran pasa edo Mendigorria eta Gobiaran udaleku itxietan ibilaldiak egin eta milaka abentura bizitzeko prest dauden gazteek izena emateko aukera dute dagoeneko.
Baldintzak
Begirale ugari behar dira batez ere udako txokoetarako. Aisia saileko arduradunek azpimarratu dutenez, bi baldintza daude 18 urte baino gehiago izatea eta euskara maila txukuna izatea.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Ttakun kultur elkartera hurbildu edo aisia@ttakun.com helbidera mezu bat bidali besterik ez du. Begirale poltsan izena emateko azken eguna apirilaren 10a izango da.