Babyauto Zarautz-Beltzak nagusi Bilboren aurkako partidan, 53-12

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 9a

Beltzak taldeak egur handi samarra eman zion Universitario Bilbaori Michelingo berdegunean jokatutako kadeteen Euskal Ligako neurketan. Lerro guztietan jokatu zuten ondo, serio. Lehen minuturako Julen Fernandinok entsegua egina zuen. Hortik aurrerakoa Beltzaken joko erakustaldia izan zen.

Aimar Mitxelena, Ibai Mitxelena, Andoni Amonarrizek entseguak egin zituzten eta Xalbat Amilibia baloia hiru zutoinen artetik jaurtitzen fin aritu zen. Atsedenaldian markagailuak zioen emaitza 25-7.
Bigarren zatian ere Beltzaken indarra eta baloi jabetza agerian geratu zen. Lehenez gain, Oihan Corcherok ere egin zuen bere entsegua. Azkenean 53-12 garaile. Bestalde, larunbat goizean 16 urtez azpikoen taldeak 17-5 irabazi zion La Blancari.