Elkartean jendetza bildu zen hitzaldiaz gozatzeko, batez ere emakumeak. Ostean afaria egin zuten elkartean bertan. Iaz Emakumearen egunaren harira, Nerea Segura nutrizionista izan zuten hizlari. Bestalde, ostiral gauean Goiegin bildu ziren Emakumeen Zentroak antolatutako afarian, guztira 50 bat lagun.
Larunbatean berriz, martxoaren 8an bertan, paella jana egin zuen Lasarte-Oriako emakume ezberdinez osatutako koadrila batek. Bazkari soila egiteaz gain, hainbat jokoren bitartez norberaren izaera, zaletasunak, sexualitatea etab. lantzeko aprobetxatu zuten eguna. Koadrila ezberdinetako jendea elkarrekin harremantzen hasteko eta elkar ezagutzeko jokoak izan ziren. Behin bazkaldu eta postrean bizkotxoa jan ostean, joko gehiago egin zituzten eta ilunabarrean horietako batzuek kultur-etxerako bidea hartu zuten Kukukaren antzerkia ikusteko. Finean, feminismoaren helburu eta kausa berberak elkartu zituen adin-tarte ezberdinetako hainbat emakume lasarteoriatar martxoaren 8an.